GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tolosaldeko eragileek ikurrinaren aldeko martxa egingo dute martxoaren 9an

GARA | VILLABONA-AMASA

Bandera espainolaren inposizioa dela-eta, Tolosaldeko eragile anitzek manifestazioa deitu dute datorren martxoaren 9rako. Martxa Tolosako triangelu plazatik abiatuko da goizeko 12.00tan, «Geurea Ikurrina! Inposaketarik ez!», lelopean.

Martxa antolatu duten kolektiboen artean alderdi politikoak (Ezker abertzalea, Aralar, EA), sindikatuak (LAB, EHNE, ELA) eta bestelako eragileak (Herrira, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz) ageri dira.

Martxaren antolatzaileek euskal instituzioei deia luzatu zieten, «Euskal Herriaren aitortza eta burujabetza lortzeko lan egin eta euskal herritarron nortasun eta identitate zeinuak sustatzeko».

Eragile guztientzat, Euskal Herrian «izena eta izana elkar uztartzea ezinbestekoa da gure herriaren etorkizunerako». Bide horretan, «egunez egun gure izatearen isla diren nortasun ikurrak agertzea, aldarrikatzea eta erabiltzeak berebiziko garrantzia» dauka, antolatzaileen aburuz. Azken dei batekin bukatu zuten agerraldia: «Herritarrek, alderdiek, bakoitzak bere esparrutik euskal herritarron eskubideen defentsan aritzeko beharra daukagu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo