GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sindikatuek EAJ, PP eta UPyD kritikatu dituzte, haur eskolen auziagatik

LAB, STEE-EILAS, ELA eta beste zenbait eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten atzo, Gasteizko Parlamentuaren aurrean, hiru alderdi hauek adostutako haurreskola eredu berriaren kontra, gaztelania txikitatik gelatan sartzea baimentzen duelako.

GARA | GASTEIZ

Aurreko astean EAJ, PP eta UPyDren botoekin onartutako Haurreskola Partzuergoko eredu berriak lehendabiziko protestak sortu ditu jada. LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek, hezkuntzako eta gizarteko beste eragile askorekin batera, elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizko Parlamentuaren aurrean, onartutako legea atzera botatzeko eskakizunarekin.

Eredu berri honetan, gaztelaniari tokia egingo zaio, onartu duten alderdien esanetan, «ama hizkuntza errespetatzeko». Sindikatuek gogor kritikatu zuten erabakia, egurra bereziki EAJri emanez. Lorea Igartua Haurreskolako LABeko arduradunaren ustetan, erabakia «hizkuntz eskubideen kontrako eraso garbia da. PPren eta UPyDren aldetik espero genuen honelakorik, baina EAJ ere honen parte izatea ez dugu ulertzen. Aurrekontuak aurrera ateratzeko trukea izan behar da, bestela, ez dago ulertzerik jeltzaleek hartutako erabakia». Legea atzera botatzen ez badute, «mobilizazioekin jarraituko dugu», gaineratu zuen.

Kontseilua, Osabiderekin pozik

Bestalde, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua pozik agertu zen atzo Lakuako gobernuak hartutako beste erabaki batzuekin: batetik, Osabide tresna informatikoa euskaratzearekin; bestetik, euskararen normalizazioa sustatze nahiarekin. Kontseiluaren iritziz, bi erabaki hauek «normalizazioa erdiesteko ezinbesteko lan ildoak» dira.

Ildo berean kokatzen du Kontseiluak aste honetan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak datozen lau urteetarako aurkeztutako hizkuntz politika. Hizkuntz politika horri zehar-lerro izaera aitortzea erabaki zuzena dela uste du erakundeak. Oraingoa normalizazioan urrats eraginkorrak egiteko garai ezin hobea dela aitortu zuen atzo Kontseiluak.

EGURRA EAJ-ri

Sindikatu eta hezkuntza eragileek EAJ gogor kritikatu zuten, PP eta UPyD alderdiekin adosturiko haur eskolen ereduagatik. LABen iritziz, eredu berria «hizkuntza eskubideen kontrako eraso» bat da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo