GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Andinismoa | Patagonia

Markus Pucher, bakarka Cerro Torreko «Ragni» bidean

Erpinaren mendebaldeko aurpegian dagoen marra hori, oro har, sokadan eskalatzen da, baina Austriako alpinistak bakarrik igo zuen. Esperanza lepoa eta gailurra lotzeko, hots, «Ragni bidea egiteko», 3 ordu eta 15 minutu behar izan zituen.

p042_f02_199x144.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orain dela aste gutxi batzuk Markus Pucher lerrootatik pasa zen. Izotzean muturreko jarduera bat egin zuela aipatzen genizuen; WI7+ zailtasuneko bide berria zabaldu, baina paraboltak erabili gabe. Bada, badirudi eskalada hori beste xede baterako entrenamendu gisara erabili zuela. Izan ere, Patagoniara abiatu eta Cerro Torren azpimarratzekoa den eskalada bat egin du: «Ragni» bidearen bakarkako eskalada.

Bai, Purcherrek erpinaren mendebaldeko aurpegian dagoen marraren bigarren bakarkako igoera eta bakarkako lehen igoera librea sinatu ditu. Hori, urtarrilaren 14an izan zen Esperanza lepotik (bibaka 150 metro beherago dago) gailurrera soilik 3 ordu eta 15 minutu behar izan zituen!

Berez, eskalada hori ez zen austriarraren hasierako helburua. Mark Steiner kidearekin batera Cerro Torreko mendebal aurpegian bide berria zabaldu nahi zuten, baina Steiner ondoezik zegoen eta xedea bertan behera geratu zen. 30 minutuko hausnarketaren ondoren, Pucherrek asmoz aldatu zuen, eta Esperanza lepora abiatu zen. Orduan zera adierazi zion lagunari: «Bihar ordu honetan itzuli ez banaiz, has zaitez arduratzen».

Austriarraren xedea martxan zen. Lerrootan aipatu dizuegunez, aurtengo Cerro Torreko denboraldian «Ragni» bidea izar nagusia izan da. Baldintza bikainak izan ditu, eta, horren ondorioz, makina bat igoera izan ditu. Austriarra hurbiltzeko bidean zela, hainbat sokadekin gurutzatu zen. Lepotik aurrera 600 metro eta 95° eta M5 mailako zailtasunak zituen.

«Nahiz eta beste eskalatzaile batzuk izan, bibakean bakarrik nengoen; bakarrik sentitzen nintzen. Oso sentsazio intentsoak nituen. Han ziren sokadak eskalada hasteko une egokiaren inguruan hausnartzen hasi ziren. Goizaldeko ordu biak, horixe izan zen zehaztutako ordua. Inork ez zidan ezer galdetu. Lo geratu nintzen; eskerrak ordu bata zela. Bibakean zeuden beste eskalatzaileak ordubete lehenago atera ziren. Lasai gosaldu nuen. Indartsu sentitzen nintzen, oso indartsu», adierazi du austriarrak.

Amildegi handia

Izotzerako torloju bat, hiru mosketoi, 60 metroko soka bizkarrean lotuta... Oso arin, helburua eskalada azkar bat egitea baitzen. Pixkana-pixkana, aurretik zeuden sokadak aurreratzen joan zen. Lepotik 80 metrora bakarrik zegoen: «Oraindik gaua zen, eta erpin horrekin bakarrik baina lasai nengoen. Ordubete beranduago tarte mistoetara iritsi nintzen. M6 bat aurretik; agian pixka bat gogorragoa zen. Kontzentratuta nengoen. Headwalla izotzezko pareta pikoa da, oso arriskutsua. Arnasa hartu, besaurreak astindu eta neure buruari esan nion tarte hori gainditzeko gai nintzela. Jakin banekien behin hara iritsita bide osoa eskalatuko nuela».

Pucher «Ragni» bideari metroak oso azkar kentzen joan zen. Ia zailtasun tekniko guztiak gainditu zituen, baina goialdean Patagoniako izotz tipikoarekin egin zuen topo. Lasai, azkar baina arretaz eskalatzen ari zen. Une batean luze gogor bati egin behar izan zion aurre: «Aurretik 50 metro tente nituen. Gainera, zati batek eroria zuen. 15 metroko zeharkaldia eskuinera egin behar nuen. Zaila zen, baina gogorrena zen 1.000 metroko amildegia zegoela. Eta izotza ez zegoen oso baldintza egokietan. Arnesetik pisu guztia kendu eta martxan jarri nintzen. Amildegia gero eta handiagoa zen. Jakin badakizue Cerro Torreko izotza berezia dela oso. Oinak ez zeuden ondo itsatsita, hatzetan hotz handia nuen... baina, hala ere, jarraitu nuen. Jakin banekien zer egiten ari nintzen. Niretzat eskalada horrek erabateko askatasuna eskaini zidan. Egundoko bizitasuna!».

Urtarrilaren 14a zen, arratsaldeko bostak eta hamabost minutu. Pucher tontorrean zen: «Pozarren nengoen. Bide hau bakarka eta era librean igo nuen. Non eta alpinistok amesten dugun erpin horretan. Sinestezina zen, baina, era berean, erreala. Minutu batzuk atsedena hartzeko, eta jaisten hasi nintzen. Bi ordu beranduago bibakera heldu nintzen. Finean, 5 ordu eta 40 minutu egin nituen bibaketik bibakera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo