ASP zirkuitua 2013 Lehiakideak motorrak berotzen ari dira hastear den WCT itzulirako
ASPko lehiakideak prestatzen ari dira maila desberdinetan. WQS itzuliko azken bi probak Puerto Ricon eta Australian izan ziren; Cody Thomson eta Owen Wright izan ziren irabazleak. Bestalde, aurten leku berri bat gehitu dute WCT itzulian, Baliko Keramas urautsia.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pixkanaka, urteak aurrera egin ahala, maila desberdinetako lehiakideak bakoitzak lehiatu behar duen zirkuituko txapelketen egutegietara egokitzen ari dira.
WQS mailan bi txapelketa izan dira joan den astean, bata Puerto Ricon eta bestea Australian. WCT itzulia berriz, oraindik ez da hasi, baina zirkuitu honen inguruko berriak gero eta ugariagoak dira.
Puerto Rico
Joan den astean lau izarreko WQS txapelketa izan zen Puerto Ricon, Jobos izeneko urautsi batean. Rip Curl markak antolatu zuen txapelketa eta aurrerantzean urteroko lehiaketa izatea da antolatzaileen asmoa.
Cody Thomson, Floridako 23 urteko gaztea, izan zen irabazlea. ASPko txapelketa bat irabazten zuen lehen aldia zen eta oso gustura zegoen: «Jobosen txapelketa egingo zutela entzun nuenean oso berezia izango zela pentsatu nuen. Urteetan etorri naiz hona surf egitera eta txapelketan parte hartzearekin pozik nengoen, baina irabaztea sekulakoa izan da».
Lortutako emaitzarekin kontent zen beste lehiakidea Dylan Graves zen, bertako surflaria. Metro eta erdiko olatuetan surflari honek duen maila altua erakutsi ahal izan zuen eta laugarren postua eskuratu zuen. Finalean estatubatuarra ez zen lehiakide bakarra zen. «Ez dago zure etxean finalera iristea bezalakorik», esan zuen Garvesek oholtzan saria jaso ostean.
Australia
ASPko lehiakideek urte sasoiari hasiera emateko txapelketa garrantzitsua izaten da Burleigh Heads eskuin olatuan egiten dena. Kategoria handiko txapelketa ez izan arren (4 izar), WCT itzuliko lehiakide askok hartzen du parte bertan; izan ere, bi asteren buruan handik gertu den Snappers olatua izaten da goi mailako itzulian (WCT) urteko lehen txapelketa.
Beraz, entrenamendu ezin hobea da lehiakideentzat, eta horregatik izaten da sarri WCT itzuliko 34 lehiakideetako bat txapelketa honetako irabazlea.
Aurtengoan ere horrela izan da. Owen Wright eta Adam Melling australiarrak izan ziren buruz buruko finalean, biak WCT itzuliko lehiakideak.
Owen Wright izan zen irabazlea eta horrela azaldu zituen urte sasoiari begira dituen sentsazioak: «2011n New Yorken irabazi nuenetik izan dudan lehen garaipena da honakoa. Garrantzitsua da irabaztea zein gozoa den gogoratzeko, noski, baina oso kontziente naiz lau izarreko txapelketa bat baino ez dela. WCT itzulia beste gauza bat da, askoz ere serioagoa, baina ongi sentitzen naiz. Aurtengoan denboraldi eder bat egingo dudalakoan nago».
WCT Itzulia
2013ko WCT itzulia datorren martxoan hasiko da Gold Coasten, Australian, eta goi mailako zirkuitua osatzen duten 34 lehiakideez gain, gonbidatu gisa lehen txapelketan izango den surflarietako baten izena aditzera eman dute; Dane Reynolds izango da.
Dane Reynoldsek gonbidapen wildcard bati esker parte hartu ahal izan zuen Hossegorren iaz, eta sekulako ikuskizuna eskaini zuen. Bigarren postua eskuratu zuen, Kelly Slaterrek irabazi zuen txapelketa hartan.
Gonbidapena jaso ostean egun ea zertan zebilen galdetu zioten kazetariek eta berak inspirazio iturri izan dituen surflariengandik ikasi nahian dabilela erantzun zuen: «Azkenaldian asko aztertu dut John John Florencek duen surf egiteko modua, gertutik jarraitu dut, bere azken bideoa tentuz ikusi dut bere ariketa batzuk ikasteko asmoz. Badira berak egiten dituen zenbait aireko nik inoiz egin ez ditudanak».
Baina, John John, ez da Venturakoak eredu hartu duen surflari bakarra: «Haur nintzela gustuko nituen gauzak berrikusten ere aritu naiz, Kelly eta Andyren estiloa oroitzen ditut. Hori oso ona izan da. Andy modu oso berezian oldartzen zitzaion olatuari, egun ez da horrela surf egiten duen beste inor».
Dane Reynoldsekin batera gonbidapen wildcard bati esker WCT itzuliko lehen txapelketan parte hartu ahal izango duen beste surflaria nor den martxoaren 1ean jakingo da; hain zuzen ere, The Moskoba Trials txapelketaren irabazlea izango da bigarren gonbidatua.
Aurten hamar txapelketako itzulia izango da, eta bada berrikuntzarik, leku berri bat ere izango da. Indonesiako Bali irlan aurkitzen den Keramas izeneko eskuin olatua gehitu dute ohiko zerrendan. Iaz, Jeffreys Bayko txapelketa kentzeak utzitako hutsunea betetzera dator Keramas.