GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Baigorri

Etxeberrik ere azken ekinaldian izan nahi du

ETXEBERRI 40

EZKURRA 34

 

J.L.

Herve Etxeberrik ezustea eman zuen atzo Paxkal Ezkurrari irabazita, eta berak ere aurtengo final handia jokatu nahi duela erakutsi zuen.

Etxeberri Ezkurra baino gehiago izan zen, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuen. Hasierako hamaika kintzetan bakarrik egon zen oreka, eta 11-11ko berdinketatik aurerra jaun eta jabe izan zen. 19-7ko partziala lortu zuen markagailuan, 30-18koa jarriz. Ordurako garbi zegoen zeinek irabaziko zuen partida. Pilotan edozer gerta daiteke, baina biak jokatzen ikusita, bien artean alde handi samarra ikusten zen, eta Ezkurra ez zegoen aurkaria mendean hartzeko moduan, behintzat ez zen erakusten ari, eta gero baieztatu egin zen. Hala ere, orduantxe iritsi zen Urruñakoaren erreakzioa, eta ia ezinezkoa zirudienean, gertatu zitekeela ikusi zen Baigorriko trinketean. Paxkalek 2-10eko partziala eskuratu zuen, eta lau tantora gerturatu zen, markagailuan 32-28koa jarriz. Orduan bai edozer gerta zitekeela. Ezkurra hobeto kokatua zegoen. Behetik gora zetorren, eta honelakoetan horrek sekulako garrantzia izaten du.

Hala ere, Etxeberrik ez zuen etsi, eta 8-2ko partziala lortu zuen, 39-30eko emaitza lortuz, eta orduan bai geratu zela dena erabakita. Ezkurrak zenbat tanto egingo zituen jakitea bakarrik falta zen, eta lau gehiago egin zituen, eta norgehiagoka 40-34koarekin amaitu zen.

Finalerdietako ligaska amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen da. Bi ekinaldi jokatuta, Waltari da sailkapeneko lehenengoa, jokatu dituen bi norgehiagokak irabazita. Bigarren postuan berdinduta daude Etxeberri eta Ozafrain, jokatutako partida bat irabazita, eta beste bat galduta. Ezkurrak, berriz, sailkapeneko azken postua betetzen du, jokatu dituen bi partidak galduta.

Azkeneko jardunaldian edozer gerta daiteke. Ongien kokatuta Waltari dago. Irabazten baldin badu, sailkatuta egongo da, eta baita galdu eta Ozafrainek irabaziko balu ere. Orduan iazko finala errepikatuko litzateke. Etxeberrik eta Ozafrainek irabaziko balute, hiru pilotari geratuko lirateke bi garaipenekin, eta bakoitzaren puntuak batu beharko dira. Waltarik eta Ezkurrak irabaziko balute, berriz, amerikarra sailkatuko litzateke, baina beste hiruak garaipen batekin geratuko lirateke, eta puntuak ikusi beharko dira, ea zein den finalean arituko den pilotaria. Beraz, oraindik erabakitzeko gauza asko geratzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo