Werten Legearen aurka, hezkuntza propioa eraikitzeko eskaera zabala
Hezkuntza arloko ia 20 eragilek Wert ministro espainolaren erreformak euren artean «kezka eta alarma» sortu duela aitortu eta manifestu bat plazaratu dute, non hezkuntza sistema eta curriculum propioa eraikitzeko eskatzen duten, hain zuzen ere Madriletik datorren «mehatxuari» aurre egiteko. Osatu duten diagnostikoa eta proposatzen duten bidea alderdiei helaraziko diete, eta ikastetxeen eta orokorrean komunitatearen atxikimendua eskatu dute.
Nerea GOTI | BILBO
Euskal hezkuntza sistemako eragileen ordezkaritza zabal eta anitz batek Jose Ignacio Wert ministro espainolak ezarri nahi duen erreformaren aurka osatutako manifestua aurkeztu zuten atzo Bilbon. Hezkuntza munduko esparru ezberdinetako hogeitik gora ordezkari jarri ziren kameren aurrean, gizarteari mezu bat helarazteko: «Alarma eta kezka sakon komuna dugula LOMCEk gure hezkuntza sistemarako izango duen eragin negatibo guztien aurrean».
Manifestuan, hizkuntzak, hezkuntzaren kalitatea, eskumen politikoak eta arlo sozial eta ideologikoa aztertzen dituzte LOMCE ebaluatzeko orduan, eta bat datoz guztiak Madrilek ezarri nahi duen hezkuntza erreforma atzerapausoa eta erasoa dela kalitate adierazle onak lortu dituen euskal sistemarako.
Diotenez, nazioarteko azken ebaluaketek egiaztatzen dute «gure ikastetxeen egoera eta errealitatea desberdinak» direla, eta Estatuko beste sistemekin alderatuz gero, «gure adierazleak nabarmenki hobeak» direla. Zertan hobetu behar den ere zehaztuta badagoela diote, baina «LOMCE ez da gure errealitatera egokitzen» adierazten dute.
Euskarak izango lukeen trataera da kezka nagusietako bat. Salatzen dutenez, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea bilatzen duen egungo sistemaren aurrean, LOMCEk enborreko jakintzagai izaera kentzen dio euskarari, eta ondorioz, «bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du».
Euskal hezkuntza sareko eragileek «eskola inklusiboa, konpentsatzailea eta integratzailea» defendatzen dute, eta horregatik, gogor kritikatzen dute «14 urtetik aurrera ikasleak sailkatu eta bereizi egiten dituen legea». Erreforman «hitz gutxitan, ikasleen bazterkeria eta bereizkeria dira nagusi», diotenez.
Bestalde, Werten asmoak «hezkuntza sistemaren uniformetasuna eta kontrola» dakarrela diote, eta galdera bat botatzen dute: «Bide honetan ikastetxeak ez dira nolabaiteko `akademia' bilakatzen?». Horrekin batera, ikastetxeen autonomia murrizten duela kritikatzen dute, «hezkuntza esperientzia aurreratuenek» kontrakoa gomendatzen duten bitartean.
Alderdien parte hartzea
Tamaina honetako eraso baten aurrean «ezinbestekotzat» jotzen dute alderdi politikoen eta eragileen parte-hartzea eta adostasuna, eta, hori dela eta, Gasteizko Legebiltzarreko alderdi guztiei helaraziko diete manifestua.
«Mehatxuari» aurre egiteko, «bide propio bat» planteatzen dute: «Gure Hezkuntza Sistema eta Curriculum Propioa pixkanaka eraikiz joatea», «praktikaren gaineko hausnarketa eta gogoetan» oinarrituta, eta sistema aurreratuenen esperientzia kontuan hartuz eta Euskal Herriaren testuinguruan aplikatuz.
Hezkuntza eragileek ohartarazten dutenez, Werten erreformak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du euskara, ez baitu «bermatzen eta indartzen hizkuntza koofizialen esparruetan hizkuntzarik ahulena».
Alrededor de una veintena de agentes educativos vascos firman el manifiesto que llama la atención sobre los efectos negativos que tendrá la reforma de Wert en el sistema educativo vasco y propone construir un sistema y curriculum propio frente a esa «amenaza». Llama la atención la pluralidad y nivel de consenso logrado entre agentes educativos tan diversos como las asociaciones de padres de la escuela pública de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa representadas en EHIGE, la federación de ikastolas Ikastolen Elkartea, los centros religiosos que agrupan Kristau Eskola y Eliz Barrutiko Ikastetxeak, la asociación de directores de Secundaria BiHe, Ikasle Abertzaleak, Sortzen Ikasbatuaz y CCOO y UGT, entre otros. N.G.