GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAMAR URTE «EGUNKARIA» ITXI ZUTENETIK

Hamarkada bat geroago eta absoluzioa tarteko, zauriak zabalik oraindik «

Gaur bezala otsailaren 20a zen Juan Del Olmo epaileak dozenaka guardia zibil «Euskaldunon Egunkaria» ixtera bidali zituenetik. Hamar urte joan dira adierazpen askatasunaren, euskararen eta Euskal Herri osoaren kontrako eraso larria gauzatu zenetik. Torturak, irainak eta salaketak tartean, egun horretan zabaldutako zauri lazgarriek bere horretan diraute.

p008_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilaren operatibo ikaragarri handiak Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea armekin hartu, eta itxi egin zuen «Euskaldunon Egunkaria»-ren erredakzioa, Auzitegi Nazional espainoleko Juan Del Olmo epailearen aginduz. Euskal Herriko eragileen aurkako beste kolpe latz bat izan zen, inork gutxik espero zuena, nahiz eta 1998. urtetik «dena da ETA» lelotik tiraka osatutako jazarpen katea ordurako luze-luzea zen.

Urte zailak ziren gurean. Gatazka armatua puri-purian, atentatuak, atxiloketak, ilegalizazioak... Hala, 1990ean sortu eta euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra aurretik eraman zuen argudiaketa horrek. Egun horretan, adierazpen askatasunaren kontra bakarrik ez, euskararen kontra bakarrik ez, euskal herritarren kontra bakarrik ez: euskararen alde ziharduten hamar lagunen aurka ere oso gogor jo zuen Estatuak. Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Peio Zubiria, Luis Goia, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi atxilotu zituen Guardia Zibilak, ETAren «arlo enpresarialeko» parte izatea egotzita. Oso tratu bortitza jasan zuten kalabozoetan.

Ez ziren «Egunkaria auziko» errepresaliatu bakarrak izan. Zortzi hilabete pasata, urte bereko urriaren 17an, Martin Ugalde parkean kokatuta zeuden zenbait enpresatako beste bederatzi langile atxilotuak izan ziren. Auzitegi Nazionalak bigarren operazio honen epaiketa atzera bota zuen bere garaian, eta oraindik epaiaren zain daude bigarren sarekadako biktimak, «auzi ekonomikoa» delakoan.

Elkartasun olatua Donostian

Albistea zabaldu bezain laster, arlo ugaritako arduradun politikoak, eragileak, sindikatuak... guztiak astindu zituen itxierak. Gizartean sortutako amorru bizi horrek Donostian egin zuen eztanda, egunkaria itxi eta bi egun beranduago egin zen manifestazioan. Larunbat horretan, milaka pertsonak manifestazioa egin zuten Antiguatik Bulebarrera. Hunkigarria izan zen oso. Malkoak ugari, eta ezintasun sentimendu kolektiboa. Garaian pentsaezina zen aniztasuna, koloreen batzea, lortu zuen Madrildik zetorren erasoak. «Euskararen onerako egin dugu», adierazi zuen Angel Acebesek, PPko Barne ministroak.

Hiru egun beranduago, inkomunikazioa bukatzean, atxilotuetako batzuk aske atera eta publikoki agertu ziren berriro. Kanpotik nahiz barnetik zartatuta, begirada galdua eta ahots apurrarekin, Martxelo Otamendik bost egun horietan sufritutako infernua mundu osoari helarazi zion ETBren kamerak testigu zirelarik. Era guztietako tortura fisiko eta psikologikoak, presioak, mehatxuak, «poltsa»... Otamendik berak kontatu zuenez, behin baino gehiagotan bera akabatzeko eskatu zien guardia zibilei, sufrimendu hura amaitzeko.

Testigantzak sekulako danbada sortu zuen euskal gizartean, eta Gobernu espainolaren erantzuna laster heldu zen. Martxoaren 10ean, eta gatazkako pasarte lotsagarrienetako batean, Angel Acebesek jendaurrean adierazi zuen Estatuak Otamendiren aurka kereila jarriko zuela, «tortura faltsuak salatzeagatik».

Prozesu nahasia epaitegietan

Honekin nahikoa ez balitz bezala, auzi honen inguruko prozesua sinesgaitza izan zen ikuspegi juridikotik aztertuta, baita logikaren ikuspuntutik ere.

Lehen irizpide aldaketa 2006ko abenduan gertatu zen. Negoziazio prozesua oraindik indarrean zela, Miguel Angel Carballo fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zuen, Estatuaren akusazioa bertan behera utziz. Baina Auzitegi Nazionalak aurrera jarraitzea erabaki zuen, AVT eta Dignidad y Justicia taldeen akusazio partikularrak erabiliz. Bidean, zenbait epaituren kontrako akusazioak bertan behera geratu ziren, arazo juridikoengatik edo proba faltagatik.

Epaiketa 2009ko abenduaren 15ean hasi zen, Madrilen. Lau egun beranduago, 25.000 pertsonak akusatuen absoluzioa eskatu zuten Bilbon eginiko manifestazioan. ``Egunkaria'-ren aurkako auziak sortutako amorrua oraindik begi bistakoa zen.

Azkenik, eta zazpi urteko agonia pasa ondoren, 2010eko apirilaren 12an Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Otamendi, Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Oleaga. Epaiak beste albiste on bat ekarri zuen: aurrenekoz, «dena ETA da» doktrinaren aurka egin zuten, polizia txostenak froga gisa baliogabetuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo