GARA > Idatzia > Kultura

San Telmoko «plaza irekiak» 115.575 bisitari izan ditu 2012an

Bilduma iraunkorraz gain, hamalau erakusketa prestatu dituzte azken hilabeteetan, baita horiekin lotutako hainbat ekintza ere. Mota guztietako bisitariak erakarri dituzte, gaiak ere anitzak zirelako. Guztietan jendetsuena euskararen gaineko «Badu, Bada» izan da.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Duela urte eta erdi ateak ireki zituen Donostiako San Telmo museoak 115.575 bisita jaso zituen 2012. urtean. Etorkizunean museoak jarraitu beharreko dinamika zein izango den zehazteko oraindik hilabete batzuk itxaron beharko badute ere, pixkanaka egin dezakete ideia bat, eta momentuz pozik daude lortutako emaitzekin. Denbora honetan bisitariek ikusi dute museoa gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko balio duen plaza ireki bat dela, Nerea Txapartegi euskara eta kultura zinegotziaren esanetan.

Lankidetza lanaren bidez, eta bilduma iraunkorraz gain egin dituzten epe baterako erakusketei esker, gizarteak dituen erronkei erantzun diete eta era guztietako ikusleentzako aproposak diren ekintzak prestatu dituzte eraikinean, hitzaldi, jaialdi eta ikastaroak tartean. Lan horregatik San Telmo Europako museorik onena izateko izendatua izan da. Txapartegik azaldutakoaren arabera, sari horrek museoek publikoarekin duten harremanarekin eta bertako fondoen erabilera egokiarekin du zerikusia.

Egun, museoak 27.711 pieza ditu bilduma iraunkorrean, baina horretaz gain, beste hamalau erakusketa prestatu dira, aldi baterakoak, museoko txoko desberdinetan 2012an. Horietatik bost mikroerakusketak izan dira, 10 metroko luzera duten espazioetan txertatuak -adibidez, komunera bidean dagoen pasabidean-. Beste bost erakusketa tamaina ertainekoak izan dira, eta gelditzen diren laurak tamaina handikoak 1.000 metro karratuko gelan kokatuak.

Guzti hauetatik jende gehien erakarri duen erakusketa «Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean» izan da, gure hizkuntzari buruzko erakusketa amaitu berria, museoak berak sortutako lehenengo ekoizpena.

Azaro erdialdean martxan jarri eta pasa den asteburuan itxi zen erakusketak 17.531 bisitari izan ditu guztira, horietatik 5.700 eskola ikasleak zirelarik. Izan ere, abenduan eskolentzako eskaintza zabaltzeko erabakia hartu zuten, lehen eskaintzako plazak aurkeztu eta berehala bete zirelako. Erakusketaz gain, honekin lotutako hainbat jarduera egin dira: bisita gidatu bereziak, haurrentzako ekintzak, bakarrizketak, hitzaldiak edota antzerkiak.

2013an bide beretik

Urte honetara begira ere hasi dira lanean. Karmele Barandiaran museoko jardunaren zuzendariak azaldu zuenez, jada jarri dira lanean programazioa osatzeko. Aste honetan bertan «Europa Konstelazioa» arte garaikide bilduma aurkeztuko dute museoko Laborategia gelan. Martxotik aurrera Musée du Quai Branly museoarekin egindako lankidetzari esker, «Euria» iritsiko da Donostiara, gizaki komunitate desberdinek euriarekiko duten jarrera aztertzen duen erakusketa. Munduko bazter askotatik etorritako piezekin osatuko dute.

Hala ere, urteko proiekturik garrantzitsuena uda partean jarriko dute martxan. Hiriak jasandako sarraskirik handienaren bigarren urteurrena betetzen denez, Parte Zaharrean izandako sute erraldoia gogoan duen «1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikuntza» erakusketa hasiko da. Bilduma hau denboran luzatuko den beste proiektu zabalago baten barruan dago: «Bake ituna», Donostia 2016ko lanen barnean kokatuta dagoena. Honek XVIII. mendetik geroztik gerraren eta bakearen arteak gizartean izan duen garrantzia aztertuko du.

Urte honetan zehar ere erakusketa ibiltariak osatu nahi dituzte. Horien adibide da aurretik aipatutako «Badu, Bada». Oraindik lekurik zehaztu ez duten arren, Euskal Herriko zein atzerriko beste hirietara eramateko intentzioa dute, baina tamaina handia duenez, espazio txikiagoetara moldatzeko aukera aztertzen ari dira.

Erakusketa txikiagoak izango dira «Harria», harri-jasotzaileen mundua gertuagotik ezagutzeko balioko duena, «Nazio bateko mapak» azken mendeetako kartografia biltzen duena eta «Soft Focus» Asier Mendizabalen instalazioa.

DONOSTIARRAK

Bisitarien %31 donostiarrak dira. Museo batek bertako hainbeste bisitari jasotzea ez da ohikoa, beraz positiboa da, baina donostiar gehiago erakartzeko lanean arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo