GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gakoa ez dago Ipar Korean

Ipar Koreak leherraraz dezakeen benetako bonba ez baita atomikoa (horietako bat, hiru urtean behin leherrarazten du jada), baizik diplomatikoa

Kasualitatea izango zen beharbada, baina ezetz esango nuke. Joan zen asteartean, Ipar Koreak bere hirugarren saio nuklearra egiten zuen bitartean, «The Economist» astekariak Londresen, biharamunean kaleratuko zuen zenbakian, bere azala eskaintzen zion herrialdeari. Baina ez espero zitekeen «Ama, ze beldurra!» edo antzeko zerbait adierazteko, ez. «Aldaketa Ipar Korean: aberatsagoa, libreagoa, beldurtiagoa» goiburuaren ondoan, Piongiangeko Mansudaeko estatua erraldoiaren argazkiarekin egindako moldakuntzan, Kim Il Sung ageri da eskua bete dirurekin... dolarrak eta yuanak, erdizka, igar daitekeenez. Ez dut uste Ipar Korean astekaria erosteko, ezta begiztatzeko ere, aukera handirik izango denik, baina apustu egingo nuke Kim Jong-un ahalguztidun gazteak ikusia ez ezik gustukoa izango duela. Are gehiago azalarekin batera barruan datorren mamia: ez gaitezen itsutu -dio, funtsean, «The Economist»-ek- herrialde bat, xelebre samarra bai, baina Suitzan hezitako tipo baten eskuetan dagoena, eta beste batzuen aldean abantaila batzuk dituena, besterik ez da eta Ipar Korea; kezkak, edukitzekotan, Txinak eduki beharko ditu... Negozio probetxugarriak egiteko leku aproposa izan daitekeela esatea bakarrik falta zitzaion.

Eta ez zaio arrazoirik falta liberalismo kontserbadore anglosaxoiaren gidariari, haren irakurle gehienek harriduraz hartuko bazuten ere eztanda nuklearraren berriekin batera iristen zitzaien mezua. «Estatu alproja» eta horrelakoak errazago irensten dituztenak direlako «The Economist»-en irakurle finak. Ipar Korea ez da horren berezia, ezertan. Eta haren gorabeherak Txinarentzat dira buruhauste, beste edozeinentzat baino gehiago. Baina ez egun hauetan gure artean irakurri ahal izan diren analisiek darabilten ikuspegian, nik uste.

Iragan astearteko saio nuklearra Beijingeko agintari berriei ez zaiela batere gustatu oso argi geratu da haien erreakzio ofizial zein ez-ofizialetan. Baina errietaren ozentasuna da berria, soilik; beste guztia aspaldiko kontua da. Txinaren haserrearen zergatia zuzen kausitzea, ordea, funtsezkoa da... ilargira begira ez ibiltzeko. Ipar Korearen gain Beijingek duen eragin diplomatikoaren ahultasuna agerian geratu delako dagoela haserre diote hainbatek. Harrotasun mindua, azken buruan. Tira. Txinaren benetako kezka ekialderago dago eta askoz sakonagoa da.

Ipar Koreak leherraraz dezakeen benetako bonba ez baita atomikoa (horietako bat, hiru urtean behin leherrarazten du jada), baizik diplomatikoa. Baina korear penintsula bigarren mailako agertokia baino ez da auzi horretan. Metxa pizteko nahikoa, hori bai. Benetako arazoa eskualdeko -eta mundu osoko- hiru handienen artean dago: Japonia Ipar Korearen balizko mehatxua erabiltzen ari da II. Mundu Gerraz geroztik duen (benetako) armadaren debekua ken diezaioten Ameriketako Estatu Batuek; hori, noski, Txinarentzat, casus belli da kasik. Orain arte, AEBei ez zitzaien burutik pasatu ere egiten halakorik... baina orain gauza gehiegi elkartzen ari dira: krisia, zorra, Txinaren gorakada etengabea...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo