GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ELKARRIZKETA | Axi Muniain, Olatu handietako surflaria

«Mundu mailako potentziala daukagula frogatuko dugu»

Joan den urtarrilean munduari buelta eman diote Portugalen izan diren olatu erraldoiek. Orain arteko olaturik handiena saio hartan hartu omen zuen Garrett McNamarra hawaiiarrak. Axi Muniain han zen, horretaz eta esku artean dituen proiektuez hitz egin digu. Gauza bat argi dago: zarauztarra oraindik zeresan handia emango duten ekimenak egiteko prest dagoela.

p008_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA | ZARAUTZ

Portugalgo azken saioa ikusita, momentu eta leku egokian zinela uste duzu?

Bai, baina ez da erraza. Atlantikoa handia da; beraz, baldintza onenak zein herrialdetan izango diren asmatzea oso zaila da. Nazareko urautsiaren berezitasunak kontuan izanda, hemen baino itsaski txikiagoa izan arren olatu handiagoak hartzeko aukera ikusi nuen.

Aurreikuspenak bete zenituen?

Bai. Konturatu nintzen hura ez zela ohikoa, zeren olaturen batean oina azeleragailutik altxa behar izan nuen. Kalibre handiagoko olatuak ikusi izan ditut, baina forma horrekin ez. Nire helburua errekorra gainditzea zen, baina olatu handienak ihes egin zidan.

Nazare olatu bitxia da, ez da hondoaren arabera lehertzen, errebotearen ondorioz baizik; beraz, aukeraketa egokia egitea ez da batere erraza.

Posible da egun hartan izan zirenak baino olatu garaiagoak sortzea?

Bai, dudarik gabe. Mendebaldeko itsaskiarekin olatu handiagoak sor daitezke. Baldintza zehatzak bete behar dira, baina bai, posible da, han bertan, eta etorriko da eta han izango gara.

Zerk eman zizun beldur handiena eta zerk poz handiena?

Poz handiena, lur hartzeak. Sentsazio hori bitxia izan zen. Sekula ez nuke pentsatuko porlana zapaldu eta hain gustura jarriko nintzatekeenik. Beldurra izateko arrazoiak egon bazeuden. Olatua itsaslabarraren parean sortzen da. Ez da haitzen gainean lehertzen, baina eroriz gero, haitzen kontra joateko arriskua daukazu.

Olatu handiak, erorketa bat, atzeko olatuak azpian atzematea, itsaslabarraren horma... osagai horiekin guztiekin, buruan nuen borroka handiena. Dudarik gabe, orain artean izan dudan erronka handiena zen.

30 metroko olatuak?

Iaz, 90 oineko olatu bat saldu zuten kontrastatu gabe eta gero hain handia ez zela frogatu zen. Gainontzeko gizaseme guztiek munduan erronka handienak 20 metro inguruko olatuetan topatzen ditugu eta, halako batean, Garrett, 30 metroko olatuekin dator. Badirudi zera esaten ari zaigula, «gainontzeko guztiek ur jantzia eskegi dezakezue. Olatu handiak nik hartzen ditut, gainontzekoek hartzen dituzuenak ertainak dira».

Garrett mundu osora iritsi da, propaganda kabinete itzela duela frogatu du, baina, surflari gisa, begirunerik gabe jokatu du.

Adituek neurtu omen dute Garretten olatu famatua, baina nortzuk dira ustezko aditu horiek? Billabong markak jarriak? Zein interes dituzte? Hiru urte daramatzate eta lan handia egin dute nahi duten irudia lortzeko. Gu han ginen, eta argazkia ateratzeko erabili zuten bazterra ikusi genuenean zera esan genuen: «Hauek buruari ederki eman ziotek».

AEBetan Europako olatuen potentziala gutxiesten dute?

Atlantikoan uhinek duten ibilbide mugatua ikusita eta Europako kostaldearen morfologia kontuan hartuta, amerikarrek uste dute hemen ezin aurki daitekeela halako olatu indartsurik. Egia da, Atlantikoan ibilbide laburragoa dutela uhinek, baina sistema oso handiak sortzen dira. Lekuei dagokienez ere oker daude, oraindik ezagutzeko kosta asko dago eta egiaz Europan urautsi bila gabiltzanak lau gara. Galizian sekulako urautsiak topatu ditugu, horiek aurkezten ditugun egunean uste horiek okerrak direla frogatuko dugu.

Aurrera begirako proiekturik?

Galizian egin dugun lana argitaratu nahi dut. Itsaski handi baten zain gaude, baina iristen ez bada, daukaguna argitaratuko dugu. Greg Long, Laird Hamilton eta antzeko olatu handietako surflari ezagunak gonbidatu ditut. Haiekin, mundura zabaldu nahi dugu olatu berri hau. Europan ere olatu handietarako potentzial handia dagoela frogatuko dugu.

Euskal Herrian urautsi bat aukeratzeko esaten badizut?

Galeako txapelketa egiten duten inguru horretan bada urautsi interesgarri bat. Garai batean ibai-ahoa itxi nahi zutela-eta plataforma bat egin zuten eta itsaso handia dagoenean hor gainean olatuak hausten dira. Oraindik izenik ez duen ezker olatu «tubularra» da. Bertako jendeak ere, moto zaleak ez izan arren, esan izan didate, «Axi, hor daukak olatu munstroa!».

Olatu hori hartuz gero, zein izen jarriko zenioke?

Gai konplexua da hau. Begira, udalek ez dituzte kostaldeko lekuak behar bezala izendatu, eta gero surflariok olatuak izendatu ditugunean erdarazko izen bat eman diogulako kexatu izan zaizkigu. Orain hasi dira lekuak izendatzen, baina berandu da, jada izen horiek erabiltzen dira.

Hala ere, gauza bat da olatuari jartzen diogun izena eta bestea inguruneak, harkaitz multzoak edo urautsiak izan dezakeena.

Beraz, orain artekoa ikusita, gutxienez informatu egingo nintzateke. Galizian, arrantzale bati lantxo hori eman diot: «Informatu hadi hondo hauek zein izen daukaten».

Inoiz esperientzia larririk izan duzu?

Bai, baina beti esan ohi dut ikasgaiak direla. Bestalde, normalean kirolari profesional batek bere burua saldu behar du; gure kasuan, ordea, ez dugu dena kontatu nahi izaten, etxekoak beldurtu ez daitezen. Baina baditut inoiz argitaratu ez diren pasarteak.

Hau argitaratu egingo da...

Ados. Irlanda mendebaldean badira itsasora erortzen diren amildegi erraldoiak. Itsaslabar hauetako baten azpian «Alien» izeneko urautsi bat dago. Han izan nintzen lehen aldian sekulako itsasoa zegoen eta ni bikote gabe nengoen. Bertakoak egoera apur bat baretu zain zeunden; beraz, gerturatu eta lekutarrei esan nien norbaitek bultzatzen baninduen olatua hartzeko prest nengoela. Itxaroteko esaten zidaten.

Azken momentuan, olatuak hartzen hasi zirenean, bertako bat gerturatu eta nire txanda zela esan zidan. Olatuak irentsi egin ninduen eta haitzetan amaitu nuen. Lagunak ni erreskatatzen saiatu ziren, baina alferrik. Nik itsas zabalera egin behar nuen, baina aparrak ez zidan uzten, eta kideek nigana iristeko zailtasunak zituzten.

Haitzetan, egurra jaso nuen. Iluntzen ari zuen, gaua han pasa beharko nuela uste nuen; beraz, momentu batean kanpora atera eta hormara igo nintzen. «Hormari itsatsita, babesean nago», pentsatzen nuen, baina zero azpiko hotza egingo zuen. Nire gorpua lurperatzeko zulo bat egiten ere hasi nintzen harri txikiz osatutako multzo batean. Zorionez, ordea, lagunek azken saiakera egitea erabaki zuten eta ongi atera zen. Lagundu zidan kideak zera esan zidan: «Lekutxo bat irabazi duk hemen. Beti errespetatua izango haiz».

Atzerrian asko ibili zara, XXL izendapenetan ere izan zinen. Nola ikusten zaituzte kanpoan?

Nik uste oso naturaltzat ez naukatela. Los Angelesen, esaterako, ingelesa jakin gabe elkarrizketak egiten, baserritar jantzita goitik behera, ikurrina bizkarrean eta Hollywoodeko ardi batekin... auskalo zer dioten.

Lehen aldiz joan nintzenean Lost nuen babesle, eta marka horren ikurra ardi bat da. Sponsorrari esan nion sari banaketarako ardia lortzeko eta berak: «Axi, hau ez duk Euskal Herria, hemen ez zegok halakorik». Azkenean, denetariko animaliak dituzten denda batean alokatu genuen ardia, Hollywooden, baina ez zidaten harekin galan sartzen utzi.

Zer galdetuko zenioke Axi Muniaini?

«Konpentsatzen al dik halako saltsetan sartzeak?». Ekonomikoki ez. Profesionalki, ezagun naiz, baina horrek ez du jaten ematen eta esperientzia aldetik, bai, konpentsatzen nau. Bitartekorik ez dudanean ere egon behar dudan lekuan egoten saiatzen naiz, horrek betetzen nau. Profesionala izaten saiatzen naiz, baina ez da nire helburu nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo