GARA > Idatzia > Kultura

Borderline gaitza du aztergai Fernando Francoren lehen filmak

Musika hasi eta txaloak entzun ostean agertu dira ezkonberriak, urrunean. Zerbitzariek gonbidatuei xanpaina gerturatu, eta halako batean alaba ikusi du ezkondu berri den aitak. Ezkontza-eszena arrunta dirudi, baina film eszena batez ari gara. Fernando Francok zuzentzen duen lehen lan luzea da «La herida», eta Euskal Herriko hainbat txokotan filmatzen ari da bere istorioa.

p044_f02_140x92.jpg

Nagore BELASTEGI

Nortasunaren mugako asaldura, hots, borderline gaitza duen 28 urteko neska bat da filmeko protagonista. Gaixotasun psikologiko hori duela jakin gabe, kezkatuta dabil eragiten dizkion komunikazio eta harremanetarako arazoengatik. Istorio hau kontatzeko grina duela bost urte sortu zitzaion Francori. Borderline gaitzari buruzko dokumental bat egin nahi zuen, baina konturatu zen irudiak jasotzeko orduan eriek euren buruari kalte egiteko duten joera larritu egiten zela. Hori dela eta, proiektua alde batera utzi zuen fikziozko filma egiteko aukera sortu zitzaion arte. Honela jaio zen Ana pertsonaia, Mariam Alvarez aktoreak antzezten duena.

900.000 euroko aurrekontua duen proiektu honen bereizgarrietako bat sekuentzia bakoitza plano bakar batean filmatuta dagoela da. Hau da, etenik egin gabe filmatutako eszena luzeak ditu. Horrez gain, Ana pertsonaia eszena guzti-guztietan ageri da, eta gainontzeko pertsonaiak berarekin elkar eraginean dabiltza. «Kamerak berak begiratzen duen lekura begiratzen du, eta bera doan lekura doa atzetik», azaldu zuen zuzendariak. Honela lortzen da protagonista eta ikuslearen artean nolabaiteko harremana eta enpatia sortzea.

Filmean bada une garrantzitsu bat, hain zuzen Anak bere iraganera bidaia egiten duenekoa, bere aita berriro ezkonduko dela jakiten duenean ezkontzara joatea erabakitzen duenean. Hori da atzo Zumarragako Etxeberri jatetxean filmatu zuten eszena. Aktore zein figuranteek dotore jantzi behar izan zuten alegiazko ezkontza horretan behin eta berriz «gora ezkonberriak!» oihukatzeko. Bertan egon behar ez zuen argi bat kameran agertu dela, xanpain kopak lurrera erori direla, aurrean dauden pertsonek atzealdean daudenak tapatzen dituztela... hainbat saiakera eta gero, Francok oniritzia eman zion egindako lanari, eta ilundu aurretik kanpoko sekuentziak filmatzen jarraitu zuten, ondoren jatetxe barrukoak egiteko.

Izan ere, aste honetan Euskal Herrian izan badira ere, zati handiena Madrilen filmatuko dute. «Madrilgo ingurune hiritarra lagunkoiagoa zen beste batekin alderatu nahi nuen. Irudi lasaigarri horien bila etorri gara Zumarragara eta Donostiara», aipatu zuen Francok atseden txiki batean. Donostian asteazkenean izan ziren gaztetxoz beteriko diskoteka bateko irudiak jasotzen, beste irudi ohikoagoen artean.

Euskal Herriko parajeez gain, euskal aktoreek ere pisu handia dute proiektuan. «Hemen aktore asko eta oso onak daude. Frogak egin genituen eta euskaldunak izateak ondo funtzionatzen zuen filmarekin. Haiek hautatu baditugu oso onak direlako da», baieztatu zuen Francok. Aktore zerrendan ageri da Ramon Agirre, adibidez, Anaren aitaren papera egiten du, ezkondu berri den aita. Iaz Zinemaldian euskal aktorerik arrakastatsuena izan zen, Michael Hanekeren «Amour» filmean parte hartu ostean. Agian honek ateak zabalduko dizkio «La herida»-ri aurtengo zinemaldian egoteko. Francok behintzat xede hori du. «Asko gustatuko litzaidake Donostian egotea, filmean interesa duten jaialdietara joango gara». Alvarez eta Agirreren ondoan, Rosana Pastor, Ramon Barea, Vicente Romero, Patricia Lopez, Nagore Aranburu, Andres Gertrudis eta Mikel Tello izango dira.

Hala ere, aurretik badute lanik. Filmazio lanean emango dituzte beste lau aste eta, ondoren, muntaketa lanei ekingo diete. Plano-sekuentzian filmatuta egotean eta gainera 16 mm-ko formatuan -ukitu berezia ematen diona irudiari- lana ez da hain gogorra izango, baina soinu-nahasketak denbora gehiago kenduko diete. Oraingoz pozik dago egin duten lanarekin, laborategitik iritsi zaizkion lehenengo irudiak ikusi ostean. Zuzendariak hau du bere lehen lan luzea, baina aurretik egin ditu bideoklipak eta film laburrak, baita museoetarako piezak ere. Horretaz gain, muntatzaile bezala lan handia egin du orain arte, eta beste zuzendariengandik dakiena ikasi ondoren, muntaketa lanak alde batera utzi gabe, «La herida» egitea erabaki du. Montxo Armendarizen alboan egon zen «Bon Appetit» egin zuenean, eta Francori esker ikus dezakegu Goya sarietan hain arrakastatsua izan den Pablo Bergerren «Blancanieves» behar den bezala muntatuta. Bere esanetan, muntatzailea izateak jende asko ezagutzeko aukera eman dio eta konfiantzazko jendez inguratzea lortu du. «Oso fidela naiz nire lantaldearekiko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo