Kronika | Denboralea Euskal Herrian
Kostaldean gainetara begira jarraitu behar izan zuten atzo elurra ikusteko
ota zuen, baina ez askok nahi beste eta ez itsasbazterrean. Kostaldeko herriek barnealdeari begiratu behar izan zioten elurra ikusteko eta hara bertaratu gozatzeko. B
Maider EIZMENDI - Nerea GOTI
Iragarri eta iragarri ari zien elurra. Asteburuan botako zuela eta gehienek igandez lan egiten ez dutenez, elur artean egun pasa ederra egiteko irrikitan oheratu ziren makina bat larunbat gauean, etxepean elurra ikusten ohituta ez daudenak gehienak. Makina bat arrapaladan gerturatu ziren goizean leihora, txikitxoenak Olentzeroren opariak zabaltzera jaikitzen diren pare.
Tolosaldeko zenbait herritan goizeko zortzietan, elur geruza mehe batek irudia ohi baino zuriago egiten zuen. Teilatu gain eta belazeetan pilatu zen egindako elur apurra, baina ez zen sikiera haien kolore gorriak eta berdeak estaltzeko gai izan ia toki gehienetan. Elurrarekin jolastu nahi izanez gero, bilatu eta pilatu egin beharra zegoen. Kostalderago, are eta gutxiago. Hala, beste behin kostaldeko eta barnexeagoko bizilagunek ere bai, gainetara begira jarraitu behar izan zuten elurra ikusteko.
Hondartza zuri, noiz? Agian, lerrook argitaratzen direnerako zuritu lezake, agintariek alerta laranja gaur eguerdira arte luzatu dute-eta, baina atzokoan bederen itsasbazterreko harea ez zen zuritu.
Ohiko tokietan
Zenbaiten atsekabea, ordea, elurra itsas mailan iragarri eta alerta deitu zuten erakundeen patxadarekin jarri zen parez pare, elurrak han eta hemen sor zitzakeen arazoak ekidin zituztelako hala. Eta sortu, sortu zituen, baina ohiko tokietan, Gasteizen kasu. Bertan 42 langilek jo eta su aritu behar izan zuten lanean, elurra kentzeko 21 makina hartuta, hiriko kaleak garbitzen. Gauean zehar ere aritu behar izan zuten espaloietan gatza botatzen elurra pilatu eta izoztu ez zedin. Arabako hiriburuko bizilagunak, ordea, ez dira halako elurteekin asaldatzen, are gehiago orain hamabost egun bota eta Gasteiz erabat kolapsatu zuen elurtearen ostean.
Estuago ibili ziren Aiarako bizilagun asko. Zuri esnatu zen, eta egun guztian zehar etenik gabe bota zuen. Jolaserako aprobetxatu zuten askok eguna, baina gaur goizean lanera bidean jartzeko izan ditzaketen arazoez arduratuta. Inguru aldapatsuagoetan bizi zirenek atzo bertan izan zituzten arazoak, elurra kentzeko makinak ez dira-eta bigarren mailako errepide hauetara iristen. Haien faltan, Aiarako Kuadrillak kudeatuta, herritarrek traktoreari itsatsitako pala batzuekin kendu ohi dute errepideko elurra.
Gipuzkoako barnealdean ere majo bota zuen elurra eta Zumarraga edota Arrasate ondo zurituta esnatu ziren. Debagoieneko herrian udal langileak aritu ziren kaleak garbitzen eta oinezkoak igarotzen diren tokietan gatza botatzen. Bidania eta Urrakiko portuetan ere ondo egin zuten lan gauez eta egunez bidea garbitzen, eta Bidegoiango herritar batek arratsalde erdian kontatutakoaren arabera, bazterretan hamar-hamabost zentimetroko elur geruza izan arren, errepidean ez zen arazorik.
Orokorrean, ez zen errepideetan aldrebeskeria handirik izan, goizeko lehen orduetan hainbat portu (Zaldiaran, Herrera, Bernedo, Urduña, Montecalvo, Leintz-Gatzaga eta Belagua) itxita egon ziren arren. Goizak aurrera egin ahala, ordea, errepideen egoerak hobera egin zuen, prezipitazio gutxi izan zelako. Elurra kentzeko makinak prest zeuden baina, elurra noiz egingo. AP-15ean esaterako, errepide bazterrean ikus zitezkeen, Berastegiko atseden gunean kasu. Haiekin batera bost minutuko atsedentxoak egitera gelditzen ziren gidariak zeuden. Autotik irten, argazki kamera aterata, «klik-klik» eta berriz ere bidera. Kataluniara bidean zen bikoteak ere Berastegiko gune hau aukeratu zuen argazkiak ateratzeko: «Atera belaunetik gora, eta elurra egin eta ezin garela etxera itzuli esanaz bidaliko diegu etxera», barre egiten zuen emakumeak.
Elurra ez badator...
Berastegiko bidegurutzea hartu zuten bidean aurrera egindako batek baino gehiagok. Errepide bazterrean autoa utzi eta bertako maldetan gora eta behera ibiltzea izan zelako zenbaitentzat igande eguerdiko plana. Etxetik gertuago ibiltzeko itxaropenarekin esnatu ziren Nerea Etxezarreta irurarraren etxean; baina etxe atarian elurrarekin jolasteko aukerarik ez eta gune honetara bertaratzea erabaki zuten, aurreko astean Aralar bidea hartu zuten bezala. Autoaren ondoan ari ziren prestatzen: eskularruak ondo lotzen eta lepo ingurua estaltzen. «Etxe ondoan gustura jolastuko ginateke, baina hauek -hiru haur zeuden adi-adi begira- jaiki eta inguruko mendiak elurtuta ikustearekin konformatzen dira, gero elurretara bertaratuz gero», zioen Etxezarretak.
Dagoeneko jantzi eta gora eta behera hasiak ziren, berriz, Patxi Iparragirre eta bere familia. Urnietarra bera, Adarra mendia elurtuta ikusi zuen, baina Berastegi inguruetara bertaratzea erabaki zuen. Gisa honetako txangoak gustura egiten dituzte eta horregatik, eguraldia tarteko ez dituztela nahi beste egiten kexu zen.
Alertak burua ez galtzeko
Elurra itsasoaren mailan iragarri zuten arren, Iparragirre ez zen fio. «Atzo gauean [larunbata] ez zuela elurrik egiten ikusita ez nuen espero elurterik jaikitzean». Hala ere, begi onez ikusten du agintariek alerta egoerak deitzea. «Modu horretan apur bat beldurtu eta ez gara hain burugabe batera eta bestera abiatzen», aitortu zuen, leraren gainean aldapan behera abiatu aurretik. Etxezarreta eta Iparragirreren antzera beste hainbatek aukeratu zituzten Berastegiko parajeak elurraz gozatzeko, minutuak pasa ahala gero eta auto gehiago ari ziren-eta errepide bazterrean pilatzen.
Euskalmeten arabera, gaur ere eguraldi elurtsua izango da eta eguneko lehen orduetan ehun metrotik gora egin dezake. Orduak aurrera egin ahala, ordea, elur mailak gora egingo du. Hotzagatiko alerta ordea, bihar arte luzatu dute, eta Nafarroako Gobernuak, esaterako, errepideetan kontu handiz ibiltzeko gomendioa egin du, gidariek izotza topa dezaketelako.