GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Mark Richards eta Stephanie Gilmore ohorezko australiar izendatuak

p044_f02_97x80.jpg

Haritz LARRAÑAGA | AUSTRALIA

Australiako surfaren 50. urteurren festan bi izan dira surflari protagonistak, Mark Richards eta Stephanie Gilmore.

1963. eta 2013. urteen artean Australian eragin handien izan duen surflari hautatu dute Mark Richards. Lau bider munduko txapelduna izandako surflari hau heroi nazionala da.

Milaka istorio ditu kontatzeko, irabazitako txapelketen zerrenda amaigabea da, baina batez ere gauza batengatik maite dute aberri kideek; ordura arte amerikarrak nagusi ziren eremu bat menderatzea lortu zuelako.

80ko hamarkadaren hasieran, australiar honek garaiezina zirudien, eta hori amerikarrek onartu ezin zuten zerbait zen.

1979. eta 1982. urteen artean surf mundua menderatu zuen. Modu horretan lehen aldiz munduko txapela birritan irabazi zuen lehiakidea bilakatu zen.

Bere arma sekretua bi lemako taula izan zen, beste inork baino hobeto menderatzen zuena. Taula txikia agertu zenean surf egiteko modua asko aldatu zen eta jendeak egokitu egin behar izan zuen. Tarte horretan Mark Richards nagusi izan zen.

Apala, alaia, azkarra, profesionala eta iaioa zen Mark Richards, eta egun oraindik ere hala da, izan ere, surf munduan murgilduta jarraitzen du.

Honela mintzatu zen egun 55 urte dituen surflari mitikoa saria jaso zuen unean: «Ohore bat da. Sinestezina iruditzen zait hemen egotea, surflari bikainen artean, sari hau jasotzen».

Stephanie Gilmore ere Australiako surfaren egongela nagusian onartu dute. Hegoaldeko Gales Berrian aurkitzen den Kingscliff izeneko herrian hazi zen 25 urteko neskato australiar honek bost bider irabazi du munduko txapela (2007, 2008, 2009, 2010, 2012).

Stephanie ere hunkituta agertu zen jendaurrean: «Areto honetan dagoen orok izan du sekulako eragina surf munduan, beraz, bat gehiago izatea ohore handia da niretzat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo