GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | KALERAROCK

Presoen aldeko beheko suak berotu zuen Landako

Gure indarrarekin batera» zioen KaleraRock-eko leloak, eta 8.000 taupadaren erantzuna jaso zuen deiak. Hamaika doinu eta aldarrikapen bat, bertaratutakoek ahaztuko ez duten festa bikainean. Eta datorren urtean... «Kalean rock!».

p048_f01.jpg

Anartz BILBAO

Bi oholtza parez pare, eta hamar talde txandaka jo eta fuego, eguerdian hasi eta goizaldea bitartean. KaleraRocken gaude. Antolakuntzak, taldeei baino jaialdi osoari protagonismoa emate aldera, ez zuen egitarau zehatza jakitera eman. Ez du inporta, eguerdirako jendetza zebilen Landako inguruan. Lehen doinuak Gozategik eman zituen, eta ondotik izan zituen MCD -azken orduan jaira batuak-, Governors, Hesian -«Hemen eta orain» CD/DVDa Oihukan argitaratu berri- eta Durangaldeko Iheskide ere. Taldeak gogor saiatu arren, jada fondokoak garen zaleontzako goizegi begitandu zaigu horrelako astinduez gozatzeko. Baina hemen nerabeak dira nagusi, hogeietan sartzear direnak, hogeita hamarretik gorakoak baino gehiago. Eta berrogeietatik hurbil diren bakarrak, oholtza gaineko musikariak dira.

Eguna agudo doa oso, eta ekitaldi politikoa heltzerako bero da giroa. Plazako tximiniak «Etxera!» egiten du oihua, eta areto barruan mezua garbia da pankartetan: «Giza eskubideak, irtenbidea eta bakea» dio batean, «Gaixorik diren presoak askatu» bestean. Kop metal boskoteak jo du hurrengo, jada ilundu duela. Katalanek bukatzerako, dardaratan da Landako.

Festa bere gorenera heltzeko zorian da, eta mukuru da Landako. Gatibu jotzen hastear dela -afixak duen izenik erakargarrienetakoa da gernikarrena- kuadrilla batek argazkia egiteko eskatu digu. Lau neska eta mutiko bat dira, Barakaldotik zein Laudio eta Amurriotik antolatu den autobusean egun pasarako zita Durangon jarri dutenak.

Betagarriko kantariak geroago egingo duen legez, Gatibuk ere kantatu du «Borrokalari kalera», kideak kalejira egiten ere ausartu dira. Gernikar laukotea -boskote oholtza gainean- txiki-txiki ikusten dugu aretoaren atzealdetik, soinua apur bat galtzen dugu eta agudoa begitandu zaigu. Sarduiren ahotsa ozen heltzen da baina. «Urepel», «Inpernuen ate joka», «Gora kopak» -merezi dutenengatik-, «Txiki Bang-bang» eta «Zeu, zeu, zeu», hauek ez dabiltza txikikerietan. Kontzertu zuzena eman dute, rockeroa baina diskotekan dantzatzeko lakoa. «Jaiak bai, borroka ere bai!» dio Sarduik aspaldi legez, 22.00etan «Johnny B. Good»-en keinu batez bukatu baino lehen.

Buelta erdia eman, eta Vendetta prest da bigarren agertokian. «Time for freedom», «Como sube», Segiren ostean sortuko den gazte erakunde berriari eskainitako «Sugarra zugan» eta «Egunero» -Ertzainak-ekin ezagutu genuen bertsioa- joaz bizkor ireki dute «The Monster theme», «Begietara begira» eta «Americano» klasikoaz itxiko duten jarduna. Izugarri gozatu ditu zaleak. Aretotzarretik ihesi karpapean babestu gara, baina dantzazalez gainezka da hau ere. Selektha Stepi da plateretan eta Bad Sound System dancehall erritmoetan; jaialdian entzun den hoberenetarikoa.

Agertoki nagusian sei hilabete jo gabe den Kaotikok du txanda; Baga-Bigarekin argitaratu berri duen «EH Calling» du aurkezgai. La Pollaren eskolako punkrock molde klasikoan, aguraindarren saioa kili-kolo hasi eta gora egin du etengabe. «A Kms», «Okupas SA», lelorik lelo dabiltza... baita entzuleak ere. Ordurako goiza «fuerte» hasi duten nerabe asko Landako bazterretan eta Plateruenako sarreran pilatzen dira, bizkarra hormaren kontra dutela. Nekea nabari zaie bisaietan, bueltarako autobusa noiz hartuko zain daude. Kontrastean, jaialdi kontuetan eskarmentu handiagoa duen bateren bat papar bistan da dagoeneko, salto-saltoka.

Ordu bata jotzear dira Arthur Kayren erritmoekin batera -eta eskertzen da- Betagarrik salto egiten duenerako. Iazko KaleraRocken ere parte hartu zuen taldeak energia badu gero! Betaurreko beltzez, «Zorion argiak» abestuz hasi da Iñaki, eta «denok gara borrokaren bidean, bakea da borrokaren xedea» kantatu du «Bidea gara» kantuan. Ordubete geroago, fin de fiesta izan dugu: «Baldin Bada», «Peep Show», «Korrika 16» eta... «Lepoan hartu eta segi aurrera!» errenkadan!

Lagunen sorbalda gainera igota presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderolak astintzen ikusten da jendea (neskak mutilen gainean Gatiburekin, mutilak mutilen gainean Kaotikorekin eta konbinazio posible guztietan Vendetta eta Betagarrirekin). Tartean da Gorlizeko Leire gaztetxoa ere, aldarrikapenean pozik.

KaleraRockek bereak eman dituela dirudi. Karpapeko DJaren bozgorailuetan «tu hijo es el último en salir de `toas' las afterrouerres» dio La Pegatinaren «MariCarmen» kantuak; Plateruenan mexikanada bat jarri dute. Hemen dena da posible, eta parranda luzatuko da oraindino. Kanpoan elurra da mara-mara.

Pozik da jendea

Jaialdiaren balorazio azkar bat egiteko asmoz, nekatuta eta kasik ahotsik barik aurkitu dugun Ibon Virumbralesengana jo dugu. «Dena oso ondo joan da, oso oso ondo, eta pozik gara. Bai taldeak, bai giroa... orokorrean balorazio positiboa egiten dugu», esan digu antolatzaile taldeko kideak. Beraien kezka nagusia segurtasun kontua zen, berak adierazi zigun bezala, «eta kristolako lana egin da». Egia esan, merezi dute aipamen bat egun osoan zehar, elurra ari zuela eta zeropean, aretotzarrerako sarreretan lanean jardun zuten lagunek. DYA, udaletxe zein auzokoekin hitz egin dute antolatzaileek, eta ez ei du inork ezelako gertakaririk aipatu. «Hori dugu lehen inpresioa; gero elkartu beharko gara eguna ondo aztertu eta balorazio zehatzagoa egiteko» esanda agurtu gaitu Virumbralesek, «desmontatzea bai izango dela perkala!» onartuta.

Jaialdian parte hartu duten taldeak ere pozik dira antza, Twitter kontuetatik eskerrak eman baitizkiete zaleei (Vendettak, Kopek...). Kaotiko taldeak, bere aldetik, denbora luzea zeramanez oholtza zapaldu barik, urduri zen Landakon jo baino lehen, Jony abeslariak aitortu zigunez. «Ez da gauza bera 200 lagunen aurrean jotzea, edo milaka zale aurrean izatea!». Aguraindarren esanetan, horrelako jaialditzarrak ondo antolatuta egon ohi dira, eta oso ondo tratatzen dituzte musikariak. «Baina gehien harritu gaituena, bizi dugun egoera ekonomikoan izanda sarrera guztiak agortu direla jakitea da, gaztetxoek agertu duten elkartasuna eta babesa».

Jotzeaz gain, Jony eta taldekideek lagunekin elkartzeko baliatu zuten hitzordua. «Nik nire aldetik Gasteizko adiskideekin Plateruenan tragoa bota, Iñigito Txapel eta Vendettako kideekin kontu-kontari ibili eta hurbildu zitzaizkidanak ezagutzeko aukera izan nuen». Eta etxera bueltan zer? «Gutako batzuk aurretik joan ziren autopistaz... eta ez pentsa, elurtuta omen zen ezkerreko bidea. Guk aldiz abenturara jo eta Urkiolatik ausartu ginen, furgoneta pisuz beteta eta katez hornituta. Eta aizu, elurra kentzeko makinak gora eta behera ari zirela, batere arazorik barik heldu gara».

Zaleek ere baliatu zuten Twitter mezu uholde ikaragarria zabaltzeko. Atzo neskato batek «nire amak lagunekin haserretu naizela pentsatzen du», idazten zuen, «KaleraRockera joan nahi ez nuela esan nielako»; beste bat, etxera bueltatu ostean, kexu zen gurasoak bila goiz joan zitzaizkiolako. Eta bazen Durangori eskerrak ematen zizkionik ere, «nire bizitzako asteburu onena ematearren». Orokorrean, bi motatakoak ziren mezuak. Batzuek penaz idazten zuten, sarrerak agortu eta joan ezinik gelditu zirelako, besteak ikaragarri gustura ageri ziren, jai bikaina bizi izan zutela-eta. Guztietan RudeBoy-k asmatu zuen zorrotzen: «Datorren urtean KaleraRock barik Kalean Rock!».

 

Ficha

Obra: 'La amante inglesa'.

Autora: Marguerite Duras

Intérpretes: José Pedro Carrión, José Luis Torrijo, Gloria Muñoz.

Escenografía: Alfonso Barajas.

Iluminación: Juan Gómez-Cornejo.

Dirección: Natalia Menéndez.

Producción: Teatro Español, Mayfield Theatre .

Lugar y fecha: Sala 2 del Matadero. Madrid, 12/02/2013.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo