Erraz gailendu da Manex Agirre Arabako Txapelketako bigarren finalerdian
GARA | ARAMAIO
Aramaioko kultur etxeak Arabako Bertsolari Txapelketako 2. finalerdia jaso zuen larunbatean, eta pozik gainera, Arabako Txapelketako finalerdietan ez baita sekula horrenbeste aramaioar egon. Hartara, eguraldi hotzari txalo beroekin erantzun zioten ikusleek eta, azkenean, Manex Agirre aramaioarrak lortu zuen puntu gehien.
Agirrek mailari eusten jakin zuen saioan zehar, horren adibide, hamarreko txikian Ander Solozabalekin batera egindako lana: Solozabal komentuan lanean aritzen den ortuzaina izan zen, eta Agirre, aldiz, bera laguntzen aritzen den moja. Bien artean gero eta feeling gehiago zegoela-eta, Solozabalek zera bota zion: «Ortura ekartzen zaitut erraz/ beste esanahi bat dauka honek erderaz», eta Manex mojak erantzun: «Jaun goiko astuta/ bero bero nago/ Ta erderaz entzunda/ oraindik gehiago».
Seiko handian ere lan bikaina egin zuten biek eta doinu berriak ekarri zituzten, gainera. Puntu erantzunetan ere fin aritu ziren. Solozabalek, esaterako, hala erantzun zion «Euskara oztopoek /ez dute gelditzen» puntuari: «Baina gaur guk ez dugu /larregi aditzen/euskaraz egin daigun /argi eta ozen/naiz sarritan ez egin /uste bezain zuzen».
Azkenean, Manex Agirre gailendu zen (354) eta segidan, baina puntutan saltoa sortuz, Ander Solozabal (291,5), Andere Arriolabengoa (289), Paula Amilburu (286,5), Unai Mendibil (281,5) eta Zigor Enbeita (280,5) izan zituen. Hurrengo finalerdia hurrengo larunbatean, martxoak 2, jokatuko da, Dulantziko kultur etxean.