GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Gaztetxoen «smartphone»-ak

«Gauzak aldatzen ari dira eta aurre hartu behar zaie derrigorrez», dio egileak, gaztetxoek telefono mugikorretik baino ordenagailutik gehiago duten «smartphone» delakoekin daukaten harremanaz. Gaztetxoen hezkuntza teknologikoaren arduradun nagusiak gurasoak izanik ere, gailuon erabilera dinamikoki arautu beharko luketela defendatzen du.

Gero eta ohikoagoa da 12-16 urte arteko gaztetxoak smartphone batekin ikustea. Gero eta arruntagoa baita gaztetxo horien lehen gailu mugikorra smartphone bat izatea. Baina smartphone bat ez da telefono mugikor bat. Are, gertuago dago ordenagailutik telefono mugikorretik baino. Smartphone bat, hortaz, deitzeko eta mezu laburrak bidaltzeko gailu bat izatetik harago, Interneten nabigatu, sare sozialak elikatu, berehalako mezularitza erabili, musika entzun, jolastu, eta beste hainbat ekintza ahalbidetzen dituen poltsikoko miniordenagailu bat dela esan daiteke. Eta gailu hori da, gero eta lehenago, gaztetxoen eskuetan jartzen dena. Baina eskuratzea gutxienekoa da. Gaztetxoak smartphone-a ondo eta modu arduratsuan erabiltzeko nahikoa adin, heldu-tasun eta irizpide duen edo ez da kezkatu behar gaituena. Hau da, non, noiz eta zenbat denboraz erabili erabakitzeko gaitasuna duen edo ez. Eta esan daiteke, kasu gehienetan, irizpide nahiko izan edo markatu baino lehenago ematen zaiela smartphone-a gaztetxoei.

Garrantzitsua bezain ezinbestekoa da gaztetxoek erabilera arduratsu bat egiteko irizpide, arau eta moduak ezagutzea, smartphone-a erabiltzen ematen duten denboraren %80 gurasoen edo hezitzaileen zaintza edo kontroletik at ematen dutelako. Duela urte eta erdi, ordenagailua etxeko espazio publikoan jartzeko gomendatzen zitzaien gurasoei. Egun, miniordenagailu bat eramaten dute poltsikoan, baita eskolara ere. Eta horre-gatik da aurrez inoiz baino garrantzitsuagoa, erabiltzaile arduratsuak bilakatzea, gailua eurekin eramaten baitute leku guztietara.

Gaztetxoei smartphone-a ematearen atzean arrazoi asko egon daitezke: batzuetan, gurasoak lasaitu eta gaztetxoak entretenituta mantentzeko helburua dago tartean; beste batzuetan, gaztetxoa kontrolatuagoa izatekoa; eta kasu gehienetan, gaztetxoa komunikatuagoa edo bere berdinen taldean integratua egotea omen da lehen helburua. Azken hau oso lotua dago gaztetxoek dituzten sentimendu eta pertzepzioekin: smartphone-ik gabe lagunik ez luketela izango sentitzen dute; «garrantzitsuagoak» sentitzen dira smartphone-a badute; berdinen taldean aitortza-soziala lortzeko erabiltzen dute (ez baitute edozein smartphone nahi); smartphone bat erabiltzea «derrigorrezkoa» dela uste dute; eta euren aisialdiaren eta komunikazioaren elementu nagusia bilakatu da.

Horregatik hain zuzen, gaztetxoak-smartphone-ak binomioak hartzera behartzen gaituen lehen erabakia honakoa da: behar al du? Heldutasun nahikoa al du modu arduratsuan erabiltzeko? Erabaki hori hartzera bidean, gurasoek adin egokia noiz den galdetzen dute beti, erantzun bakarra balego bezala. Erabaki egokia hartzeko, ordea, kasu bakoitza aztertu beharko litzateke, gaztetxoaren heldutasun maila eta irizpide teknologikoen gradua kontuan hartuz. Batzuentzat 13, besteentzat 15 edo 16. 2011ko udan Estatu espainiarrean egindako azterketa baten arabera, lehen smartphone-a 12 urterekin ematen zaie (telefono mugikorra 11 urterekin). Baina erabakia taxuz hartuko bada, ezin da orokortu. Telekomunikazio enpresek merkatu berri bat sortu dute gaztetxoengan. Publiko objektibo oso desiragarria zaie: gaztetxoak dira smartphone-aren erabilera intentsuena egiten dutenak eta aplikazioen deskarga eta instalazioan ere, eurak dira aktiboenak. Operadoreek gaztetxoen eskuetan smartphone-ak egoteko bidea erraztuko dute beti, jakin arren eskuratzen duten askok ez dakitela modu arduratsuan erabiltzen. Baina hori ez da operadoreen arazoa, antza.

Ikerketek erakutsi dute: zenbat eta funtzionalitate gehiago, gero eta erabilera intentsuagoa egiten da. Hau da, gaztetxoek telefono mugikorrekin baino denbora gehiago pasatzen dute smartphone-ekin (hau helduen kasuan ere gertatzen da). Hori da zenbait ikastetxetan gatazkak eta arazoak sortzen ari dena: ikasleak mugikorrei lotuta bizi direla. Eta gatazka hori mugikorrak eta smartphone-ak ikastetxeetara eramateko debekuarekin konpontzen saiatuko dira gure inguruneko zenbait ikastetxe. Ez da berria. Frantziar Estatuak osasun-kalteak ekiditeko debekatu zituen mugikorrak ikastetxeetan. Erresuma Batuan diziplina kontuengatik. AEBetan, berriz, smartphone-ak tresna akademiko gisa erabiltzen hasi dira jada, ikaslea eroso sentitzen den gailu bat dela argudiatuz. Horiek dira bi ertzak: tresna akademiko bezala erabiltzea edo, beharrezkoa ez delako, debekua arautzea. Azken hau ez litzateke beharrezkoa izango gaztetxoek noiz eta non erabili behar duten argi izan eta errespetatuko balute. Eurentzat smartphone-a, komunikatzeko bidea baino, entretenimen- durako gailua baita. Sare sozialak eta berehalako mezularitza erabiltzen dituzte, bai, baina, ia beti, ez komunikatzeko helburuare- kin. Komunikazioa pobrea eta ez efektiboa da. Horregatik diot, komunikatzeko diren tresnak entretenimendurako erabiltzen dituztela. Eta horregatik arautu behar da horien erabilera.

Zentzu horretan, argi dagoena da gaztetxoen hezkuntza teknologikoaren lehen arduradunak gurasoak direla. Jakinik, ordea, guraso horiek mugikor eta smartphone gabe jaio zirela eta, hortaz, badela hutsune bat guraso horien egungo benetako esperientzia teknologikoaren eta euren haurrak teknologikoki hezteko behar duten ezagutza mailaren artean. Baina teknologietan ere eredu izan behar dute gurasoek eta, telebistarekin eta beste entretenimendurako elementu guztiekin bezala, smartphone-ekin ere, gaztetxoari bat ematea erabakitzen bada, erabilera arautu egin behar da. Noski, arau horiek izaera dinamikoa behar dute, gaztetxoaren irizpide eta heldutasun mailara etengabe egokitu beharko direlarik. Besteak beste, arautu beharko da: non erabiliko den (Ikastetxean? Etxean? Kalean? Lagunekin dagoenean? Lotarako itzali?); noiz eta zenbat denborarako (Aste barruan bai? Edo asteburuan bakarrik? Egunean zenbat ordu?); zein zerbitzu erabili ahal izango dituen (Interneten nabigatzeko mugarik? Zein aplikazio mota instalatu ahal izango ditu? Doakoak soilik? Jolasteko direnak? Smartphone-aren sistema eragileak edo mugikorren operadoreak gurasoen kontrolerako progra- marik eskaintzen du?); eta gastu ekonomikoa (operadorearen tarifa ondo aukeratuz).

Horri guztiari gehitu behar zaio orain arte ordenagailuarekin izan dugun segurtasunaren, errespe- tuaren eta pribatutasunaren diskurtso egokitua ere. Hau da: ezezagunei telefono zenbakia ez emateko eta ezezagunen mezu eta deiak ez erantzuteko; bidaltzen edo Interneten publikatzen duten edozein argazki edo bideoren kontrola galtzen dutela (eurena edo besteena izan); Bluetooth eta Wi-Fi konexioak desaktibatzeko, erabiltzen ari ez badira; eta, besteak beste, ez iraintzeko inor eta ez zabaltzeko beste norbait iraintzen duen mezurik.

Oro har, mugikorrek eta smartphone-k onura asko ekarri dituzte jendartera. Joan gaitezke mendira smartphone-an ibilbidearen tracka kargatuta eta GPSarekin jarraitu. Senti gaitezke hiper-konektatuak. Baina harritzen eta mintzen gaitu gaztetxo talde bat bakoitza bere mugikorrarekin jolasten ikusteak, lagunak alboan baditu ere. Eta deigarria egingo zaigu ere munduko hainbat herrialdetan 2 eta 5 urte bitarteko haurrekin egin azterketa batek dioena: oinetakoen lokarriak lotzen edo bizikletan ibiltzen baino gehiagok dakitela smartphone bateko aplikazio batekin jolasten. Onurak onura, jendartea aldatzen ari da (are gehiago nerabezaroa bizitzeko modua bera). Agian komunikatuagoa egotea bilakatzen ari da ezinbestekoa, komunikazio horren sakontasun eta iraupena baino. Eta agian mezua abait azkarren iristea da garrantzitsuagoa, mezuan erabiltzen den hizkuntza eta espresatzeko modua zaintzea baino.

Gauzak aldatzen ari dira eta aurre hartu behar zaie derrigorrez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo