GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Suminduen psikologiaz

Ezkertiar militante klasikoek argi zeukaten gizartea aldatzeko ekonomian jantzi behar zutela. Gaur egun, erlaxazio tailerren bidez lortu gura dugu jakintza eraldatzaile hori. Ondorioz, tai-txi klaseak iraultzailez beterik daude eta gure gizartearen antolakuntza, lapur neoliberalen eskuetan

Gerra Hotzaren inguru historikoan, Che Guevararen exekuzioak eragindako erantzunaren hondar moduan eta intentsitate handieneko kasuetan, gutxiengo kulturalen zapalkuntzak hauspoturik sortu ziren XXI. mendeko hasierara arte ezagutu ditugun ezkerreko mugimenduak. Pertsonen eskubide materialak (baita ez material eta kolektiboak ere, gutxiengoen jazarpenak dimentsio kulturala agerrarazi duen kasuetan) diruaren aginduen gainetik ezartzeko bokazioz sortu zen oinarri bereko ideologia eta mugimendu amalgama zabala. Batzuk materialismoaren oparotasunak asimilatu zituen, interes pertsonalak guda irabazi zien printzipio ideologikoei. Besteak burdinazko ukabilez birrindu zituz- ten. Eta bi estrategien konbinazioaren ondorioz uler liteke Euskal Herria.

Ondasun materialen pilaketari desideologizazioa batu zitzaion. Lehenengoa ez zen hain arriskutsua, krisi zikliko batek gizarte eredu horren bideragarritasun eza agerian utzi behar baitzuen. Besteak, ostera, aldagai ideologikoaren desagerpenak, ondorio latzagoak ditu. Beste batzuen artean, sistemari alternatiba ekonomiko integral eta globala aurkitzeko ezintasuna. Adabaki partziala, sistemaren edozein arlotan egiten dugun hobekuntza objektiboa, berez, hondamendira eroango gaituen bidea kritikaren bidez jasangarri bihur litekeela dioen mezua da, arnasaldi bat eredu kapitalistarentzat. Marx zaharkiturik dago, baina inork ez du hartu bere programa eguneratzeko konpromisorik. Agian, hori egiteko gai direnak, kontsumo gaitasunari dagokionez, hobeto bizi direlako galtzaile eta irabazleen gizartean. Azken finean, orain gutxi ingeniari jator batek esan zidan legetxe; «eta zu hain azkarra bazara, zergatik daukazu hain diru gutxi?».

Ezkertiar militante klasikoek argi zeukaten gizartea aldatzeko ekonomian jantzi behar zutela. Gaur egun, erlaxazio tailerren bidez lortu gura dugu jakintza eraldatzaile hori. Ondorioz, tai-txi klaseak iraultzailez beterik daude eta gure gizartearen antolakuntza, lapur neoliberalen eskuetan.

Noam Chomskyk dio Occupy mugimendua dela, Espainian 15-M deitzen dioten hori, azken 30 urteetako klase borrokan eratutako erantzunik garrantzitsuena. Eta demagun hori horrela dela, baina nondik dator suminduen sumindura? Alegia, egun salatzen dituzten egoera objektiboak (kaleratzeak, lan eskubideen galera, banketxeen lukurreria...) berdin gertatzen ziren orain hamar urte. Ordutik honako ezberdintasuna kuantitatiboa da, hots, aldagai klabea krisiak eragin dion jende kopurua dela erantzun zidan EHUko irakasle batek. Baina orduan, suminduraren oinarrian ez dago elkartasuna, norbanako kaltetu askoren erabaki korporatiboa baizik. Injustizia kualitatiboa baita, ematen da ala ez. Eta batez ere, elkartasuna ez da nire zorigaitzarekin batera aktibatzen, besteenganako injustizia sumatzen dudanean baizik. Nire egoera, dena delakoa dela ere.

Zein aldaketa sozial eragin lezake injustiziaren definizioa, eta salaketaren intentsitatea, militantearen egoera ekonomiko eta pertsonalaren arabera aldatzen duen pentsaera batek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo