GARA > Idatzia > Kultura

Elgoibarko Izarra, 50 urte herrian lokartutako euskaltzaletasuna esnatzen

N.B. | ELGOIBAR

Elgoibarko Izarra kultur elkarteak 50 urte beteko ditu martxoaren 15ean, eta ospatzeko zenbait ekintza prestatu ditu. Horien guztien aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean, elkartearen zenbait kideren eskutik.

Elgoibarko Izarra euskara sustatzeko xedearekin sortu zen 1963. urtean. Helburua ondo bete zuen, eta hasieran txikia bazen ere, laster hasi ziren gero eta partaidetza handiagoa izaten, herriaren euskaltzaletasunaren eredu bilakatu arte. Iñaki Konde elkarteko zuzendariak adierazitakoaren arabera, «hasiera batean, urtebete lehenago martxan jarri zen ikastola babesteko eta indartzeko sortu zen elkartea, baina, gerora, beste hamaika proiektu eta egitasmo ere prestatu zituen: dantza eta txistu-taldeak, gau-eskola, bertsolaritza, Aubixa aterpetxea, Udal Euskara Batzordea, motibazioan eragiteko jarduerak, eta abar».

80ko hamarkadan krisia izan zuen elkarteak eta 1990ean desagertzear egon zen. Hala ere, zenbait kidek indarrez eutsi eta 1991n bigarren etapari ekin zioten. Ildo horretan, zenbait proiektu eta egitasmo jarri zituzten abian, hala nola «Barren» astekaria eta Elgoibarren.net webgunea, Atxutxiamaika aisialdi proiektua, Gurean Bai hitzarmena edo Toletxe taberna.

Felix Etxeberriak oroitzen du -sortzaileetako bat-, «plaza txikian perretxiko bat topatzea ume bat euskaraz entzutea baino errazagoa zen».

Andres Alberdi lehendakari ohiaren ustetan, herritarren babesa ezinbestekoa izan da aurrera atera eta orain arte irauteko. «1.400 bazkide izatera pasa zen elkartea bi urtean. Gure ustez, elgoibartarrongan lozorroan zegoen euskaltzaletasuna esnatu zen».

Egitarau oparoa

Zuzendaritza batzordeko kidea den Ane Odriak ospakizunen egitaraua azaldu zuen. Martxoaren 15ean 20.00etatik aurrera hasiko dira. Herriko antzokian ekitaldi nagusia egin ostean, karpa ireki eta afari aparta prestatuko dute. Amaitzean, kantuz girotuko dute gaua. Hurrengo egunean, ordea, eguerditik aurrera hasiko dira ekintzak ospatzen.

13.30erako erakusketa gidatu bat prestatu dute, eta ondoren herri bazkaria egingo dute (txartelak erosteko Elgoibarko Izarra eta Barren bulegoetan edo www.elgoibarkoizarra.com atarian erosi beharko dira aldez aurretik). Arratsaldean «Elgoibarko Izarra ezagutuz» jinkanan jolastuko dira, eta iluntzean erromeria egingo dute. Gauean, aldiz, bokatak eta patata razioak banatuko dituzte inor etxera joan ez dadin, eta parrandan jarraitzeko, Esne Betza taldeko Xabi Solano eta Zigor DZ arituko dira.

Urteurrenaren ospakizunak ez dira hor amaituko. Apirilaren 13an elkartea sagardotegira joango da, eta 28an maskaradak ikustera. Ekainaren 1ean Mintza Eguna ospatuko dute herrian bertan, eta urte amaierara begira euskararen inguruko hitzaldiak, liburu baten aurkezpena eta bertso-jaialdi bat prestatuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo