GARA > Idatzia > Kultura

Parlamentuak Barañain babesteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

UPNk izan ezik, Nafarroako Parlamentuko gainerako alderdi guztiek Barañain Auditorioaren Fundazioaren aldeko mozioa babestu zuten atzo. Aurrekontuen banaketan kontuan hartzeko eta diru iturriak lortzen laguntzeko eskatzen diete Nafarroako Gobernuari.

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Turismo eta Instituzio Harremanetako Batzordeak Barañain Auditorioaren aldeko mozioa aurkeztu zuen atzo Nafarroako Gobernuaren aurrean. PSN, Bildu, Aralar-Nabai, PPN eta IE-ren aldeko botoa eta UPNren kontrakoa izan zuen mozioak. Auditorioa babestea eta aparteko gune eszenikoa dela onartzea eskatzen dio Gobernuari, eta horren arabera aurrekontuen plangintza moldatzea.

Auditorioaren jarduerari segida eman ahal izateko, martxan dauden deialdiak moldatu ditzala edo deialdi berriak egin ditzala eskatzen dio Parlamentuak, merezi duen babes instituzionala izan dezan.

Horrez gain, Gobernu foralak Barañainen alde egitea nahi dute sinatzaileek, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak bertan entseatu dezan, bi instituzioen onurarako ikusten baitute lankidetza hori. Horretarako, bi entitateen arteko hitzarmen bat bultzatzea nahi dute.

Hirugarren puntu bezala, Barañain Auditorioaren Fundazioak askotan plazaratu duen eskualde-bokazioa dela-eta, gune eszeniko hori Gobernuak sustatutako programetan aintzat har dezan nahi dute.

Azkenik, Gobernuak duen «eragin ukaezinagatik» Fundazioarekin lankidetzan aritzea eskatu diote, etorkizuneko egitaraua mantentzea ahalbidetuko dion babesle pribatu bat lortzen laguntzeko.

Etorkizunerako ideiak

Urtarrilaren 17an Barañain Auditorioaren Fundazioak bere egoera azaldu zuen, eta «kultura eskaintza berritzaile bat, teknologia berrien erabilera egokia, diru iturrien bilaketa eta gastuak murrizteko saiakera» aurkeztu zituen orduan.

Proposamen hau kontuan izanda, mozioaren sinatzaileek uste dute diru laguntzen murrizketak proiektu kulturalaren bideragarritasuna kolokan jar dezakeela.

LAGUNTZARIK GABE

Auditorioak une honetan %12ko finantziazio publikoa dauka. Honela jarraituz gero, hilabete gutxian aurreikusitako jarduera eten egin beharko du diru faltagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo