GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beste bost udalerriren sarrera iragarri du UEMAk, aro berria hastear dela

Zarautz, Tolosa, Munitibar, Lekeitio eta Lesakak hilaren 16an bat egingo dute UEMArekin, erakundeak Orion antolatu duen Batzar Nagusian, hain zuzen. Bertan, orain bi urte hasitako hausnarketa prozesua amaitutzat eman eta lan ildoak aurkeztuko dituzte aro berriari ekiteko.

p013_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | ZARAUTZ

Zarautz, Tolosa, Munitibar, Lekeitio eta Lesaka datorren larunbatetik aurrera UEMAko kide izango dira. Orduan, hilaren 16an, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egingo du Orion, eta hitzordua bost kide berriak taldean txertatzeko baliatuko dute. Gainera, Maren Belastegi lehendakariak atzo Zarautzen aurreratu zuenez, beste udal batzuek ere erakundearen parte izateko interesa dute eta «ate-joka daude», baina ez zuen horien izenik eman nahi izan, ez behintzat erabakia behin betikoa izan arte. Edozein kasutan, kide direnen zerrenda luzatuz doa eta dagoeneko 69 udalerri dira.

Kideen zerrenda handitzeak UEMAren helburu nagusietako bat betetzea dakar, alegia, lurgunea zabaltzea. Belastegiren hitzetan, hastapenetan kideak batez ere «herri txikiak» ziren, baina denborak argazki hori irauli egin du, eta agerian gelditu da «herri handiak ere izan daitezkeela herri euskaldunak».

Aberasgarritasuna, ordea, harago doa; izan ere, izaera ezberdineko herriak biltzen direla gogorarazi zuen: «Txiki zein handi, euskaraz bizitzeak eta bizitzen jarraitu nahi izateak batzen gaitu; eta UEMAk horretan duen esperientzia eta aitzindaritza urratsak egiten jarraitzeko baliatuko dugu».

Mankomunitateak orain bi urte ekin zion hausnarketa prozesu bati, hain justu, erakundeak hogei urte bete zituenean. Batzar nagusiarekin jarriko diote prozesu honi amaiera, eta «indarberrituta» egingo dutela iritzi zion Belastegik, ildo berriaz gain, Zarautz, Lesaka, Tolosa, Lekeitio eta Munitibar euren artean izango dituztelako.

Lan ildoaren aurkezpena

Orioko hitzorduari dagokionez, ordezkarientzat 10.00etan hasiko da, kultur etxean. 12.00etan berriz, toki berean, ekitaldi nagusia hasiko da, batetik, urte berrirako egitasmoa aurkeztu eta, bestetik, azken hilabeteetan landutako hausnarketa prozesuari amaiera emateko. Halaber, aurrera begira jorratuko dituzten ildo nagusiak eta datozen hilabeteetarako mankomunitateak erreferentziatzat izango duen leloa ezagutaraziko dituzte.

Erakundeko lehendakariak azaldutakoaren arabera, hemendik aurrera norabide, aro berri bati ekingo diote, «ilusioz eta indarrez»: «Kimu berriak ernatzen ari dira euskararentzat, eta gure ardura da kimu horiei hazten laguntzea indartsu lora daitezen».

216.000

Orain dela bi urte 20. urteurrena ospatu zuen UEMAk eta geroztik 69 udalerrik egin dute bat proiektuarekin. Mankomunitateak orotara 216.000 biztanle hartzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo