Itsas ondareari buruzko jardunaldiak egingo dira Pasaian eta Donostian
Pasaiako Udalak «Hondotik ondora» jardunaldiak antolatu ditu itsas ondarearen balioa nabarmendu eta ezagutarazteko. Bihartik apirilaren 25era bitartean egingo dira Pasaian eta Donostian.
GARA | DONOSTIA
«Hondotik ondora» itsas ondareari buruzko jardunaldietan hitzaldiak, bisita gidatuak eta liburu aurkezpenak egingo dira. Pasaiako Udalak antolatu ditu Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin. Apirilaren 25era bitartean egingo dira Pasaian eta Donostian, eta ekitaldi guztiak doakoak izango dira.
Bihar, San Pedroko udal aretoan, 19.30ean, Michael Barkham Parks Canada erakundeko aholkulari eta kolaboratzaileak «La ruta a Terranova: Pesquerías vascas en Canadá, siglo XVI» hitzaldia eskainiko du, gaztelaniaz. Hitzaldi bera Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean emango du apirilaren 15ean, ordu berean.
Martxoaren 21ean, Trintxerpeko Alkateordetzan (19.30), Aurkene Alzuak «Kultur ondarearen funtzio sozialak» hitzaldia eskainiko du, euskaraz eta gaztelaniaz. Alzua CICtourGUNE Turismoaren Ikerketa Kooperatiboko Zentroko zuzendari nagusia da.
Apirilaren 4an eta 5ean Pasaiako badian barrena bisita gidatuak egingo dira motoran. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da erreserba egitea 943 00 43 30 telefonoan edo pasaiakobadia@ereiten.com helbidean.
Hurrengo astean, Pasaiaren historian eta pasaitarren memorian pisu handia izan duen Luzuriaga ontziolaren inguruko liburua aurkeztuko da Antxoko Kultur Etxean. Koldo Izagirre idazle pasaitarrak ontziolako langile ohien testigantzak jaso ditu «Luzuriaga: Voz y vida obrera. Hogeita bost lekukotasun» liburuan.
Iago Irixoak, berriz, «Pasaia-Bristol: harreman ezezaguna» hitzaldia eskainiko du, euskaraz, apirilaren 24an. Irixoak Pasaiako badiaren eta Erdi Aroaren arteko loturak jorratu ditu eta badia honetako biztanleek Europan zehar sortutako amaraun komertziala ekarri du azalera.
Amaitzeko, apirilaren 25ean, «Pasaia Atlantikoa: itsas ondarea Pasaiako badian» liburua aurkeztuko du David Zapirain Deustuko Unibertsitateko doktore eta Sorginarri bildumaren arduradunak. Informazio gehiago: gipuzkoa.net.