GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Katalanen aurkako bide lotsagarri eta arduragabea

Egunkari espainiar batek Kataluniako azken hauteskunde kanpainan argitaratu zuen ustezko polizia txosten baten zirriborroa -Artur Mas CiUko hautagai eta egun Generalitateko presidenteak, Jordi Pujol presidente ohiak eta honen seme nagusi Jordi Pujol Ferrusolak Suitzan kontuak dituztela zioena- ez da Poliziaren agiri ofiziala, Jorge Fernandez Barne ministro espainolak berak atzo aitortu zuenez. Lombard Oder Suitzako bankuak ere ukatu zuen han konturik zutela. «Informazio» hura, beraz, gezurra zen, Estatuko fiskal nagusiak sinesgarritasuna eman eta Kataluniako fiskalaren ikerketa oztopatu bazuen ere. Nolanahi ere, PPren propaganda kanpainak bere horretan dirau, hauteskunde horietan katalanek egindako hautuari muzin eginda eta Kataluniako Gobernua desligitimatzeko eraso lotsagarrian. Eraso horren azken atala Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko presidenteak, Polizia katalanarekiko mesfidantza argudiatuta, Polizia espainiarraren babesa eskatu izana da, aspalditik baina bereziki azkenaldion hezkuntza arloan egiten ari diren manipulazioari segida emanez. Kataluniako erreferendumari aurre egiteko modu bakarra propaganda eta manipulazioa dituzte, bide demokratikoen bidez erreferenduma galdua dutela jakitun. Katalanen borondatearen aurkako, demokraziaren aurkako modu guztiz arduragabea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo