Fredi Paia Bertsolaria
Norway
Egoerari buruzko informazio apurra espainiar komunikabideetatik datorkigu. Eta gaia komunikabideen agendetatik desagertzearekin batera, gizarte indarra galtzen da. Azkenik, desagerpen dialektikoa CISeko datu bilakatu eta immobilismorako aitzakia berri bihurtu arte
Bake prozesua deitzen diote batzuek, normalizazioa besteek. Orain gutxi berri kezkagarria jaso genuen. Norvegiako gobernuak hiru militante independentista kanporatu zituen bere mugetatik. Komunikabide espainiarrek arin eman dute gertakizunaren berri, baita euren ustezko azalpena ere.
Euskaldunok arazo konpetitibo bat dugu gure gatazkaren ulermenean, informazio kopurua, irismen abiadura eta ondorengo analisi kritikoaren datu gabeziari dagokionez. Behin eta berriz, estatu mailakoak euskal komunikabideen aurretik doaz, euren kazetari espezializatu eta botere publikoen arteko loturek eskainitako lehen eskuko informazioak hauspoturik.
Era guztietako kabala, uste eta iradokizunak irakur litezke espainiar komunikabideetan. Euskal prentsaren irakurleoi, ostera, Finlandiako informazio agentziek eskaintzen duten besteko sakontasuna eskaintzen zaigu. Gertakizunen narrazio soila. Eta ondorioz, espainiar komunikabideen bila abiatu izan dira kaleko militanteak azken hamarkadan. Isiltasuna estrategia txarra da etsaiak informazio andana barreiatzen duen bitartean. Interesdunak, fidagarritasun filtroa ipini eta gero, informazio beharrizana du, beste aldekoaren iritzia jakiteko baino ez bada ere.
«Interviu», «El Correo», «El Mundo» eta «El Pais» militanteen esku artean halako maiztasunez ikusten hasi nintzenean harritu egin nintzen, eta hamar bat urte dira gutxienez. Etsaiaren gerra aparatuaren intoxikazioak baino ez ziren komunikabide espainiarrek gatazkaren inguruan eskaintzen zizkiguten detaile, ustezko gertakizun, eta atxiloketetan eskuraturiko militanteen gutunak. Bertan agertzen ziren igarkizunetako batzuk egia bihurtzen hasi ziren arte.
Gatazkaren alde bietatik gizarteak jasotzen duen informazio kopuruaren desorekak era indartsuan eragiten dio borroka ideologikoari. Euskal komunikabideek euskal gatazkan espezializatuak behar lukete. Eta horrek esan gura du gertakizunen inguruko informazio fluxuak iritzi publikoarengan lortu gura duten eragina kudeatu beharko luketela.
Lehenago ulergarria zen, konfrontazio armatuaren sasoietan, gatazkaren inguruko berriek tratamendu berezia izatea. Tantekin neurtzea solemnitate eta ziurtasunaren izenean. Batez ere, berriak lehen eskutik jasotzeak erreferentzialtasuna buru egokian ezartzen zuen. Horrek, nire uste apalean, borroka ideologikoari, independentismoaren unean uneko moldapen gaitasunari eta euskal komunikabideei kalte handia eragin die.
Gaur egun diskrezioaren epe luzeko ondorioak neurtu behar genituzke. Egoerari buruzko informazio apurra espainiar komunikabideetatik datorkigu. Eta gaia komunikabideen agendetatik desagertzearekin batera, gizarte indarra galtzen da. Azkenik, desagerpen dialektikoa CISeko datu bilakatu eta immobilismorako aitzakia berri bihurtu arte.
Euskal gatazkaren inguruko informazioa sortu behar dugu, etengabeko konpromisoa behar du. Ez pentsamendu monolitikoa sortzeko, baizik eta iritzi ezberdinek sortuko duten masa kritikoa eratzeko. Etorkizuneko arazoen konponketa tailerra.