Berezkoak
Zortzi bikote lehiatuko dira Binakako Txapelketan
Bi multzotan banatuta arituko dira, eta larunbatean eta igandean jokatuko da lehen jardunaldia.
Jon LEUNDA
Zortzi bikote neurtuko dira larunbatetik aurrera Berezkoen Binakako Txapelketan. Lehen fasean bi multzotan banatuta arituko dira, baina biek ez dituzte eskubide berak izango.
Izan ere, antolatzaileek A multzoan sartu dituzte ustezko pilotaririk onenak, eta lehen fasearen amaieran inor ez da kanpoan geratuko. Lehen biak finalerdietara sartuko dira, eta beste biek final-laurdenak jokatuko dituzte. B multzoan, berriz, ustez pilotari ahulagoak daude, eta bi onenek lortuko dute final-laurdenetarako txartela, eta azken biak, berriz, lehiaketatik kanpo geratuko dira.
Waltari eta Harizmendi, Etxeberri eta Etxeto, Sorhuet eta Ducassou II.a eta Larretxea eta Ximun Lanbert dira A multzoa osatuko duten pilotariak. B multzoan, berriz, Bielle eta Ezkurra, Agirre eta Ozafrain, Intxauspe eta Jannots eta Laurent Lanbert eta Bonebeltxe arituko dira. Jardunaldiren batean A multzoko pilotariren batek ezingo balu jokatu, B mulzoan ari den batek ordezkatuko luke. Lazkano eta Ducassou I.a, berriz, B multzoko ordezkoak izango dira.
Lehen fasea, ligaxka eran jokatuko da bi multzoetan, denak denen aurka, eta hiru jardunaldi izango dira. Aurrez aipatu bezala, A multzoko lehen bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira, eta hirugarren sailkatuak B multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du final-laurdena. Hori irabazten duenak A multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatu beharko du finalerdietan. A multzoko laugarren sailkatuak, berriz, B multzoko lehen sailkatuaren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Garaipena lortzen duenak finalerdietan A multzoko lehen sailkatuaren aurka jokatu beharko du.
Txapelketa larunbatean abiatuko da, Sarako trinketean jokatuko baitira lehen bi norgehiagokak. Jaialdiko lehen partidan B multzoko bikoteak lehiatuko dira. Bielle eta Ezkurra Laurent Lanberten eta Bonebeltxeren aurka neurtuko dira.
Horiek beraien partida amaitu ostean, A multzoko neurketa jokatuko da, eta bertan Waltari eta Harizmendi Larretxearen eta Ximun Lanberten aurka neurtuko dira. Lehen jardunaldiari amaiera igandean emango zaio Senpereko trinketean, 17.00etan hasita. Lehen partida B multzokoek jokatuko dute, eta bertan Agirre eta Ozafrain Intxausperen eta Jannotsen aurka neurtuko dira. Ondoren, A multzokoen txanda izango da, eta han Etxeberri eta Etxeto Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka arituko dira nor baino nor. Finala apirilaren 28an jokatuko da Baionan, Moderne trinketean. Faboritoak aipatzerakoan, Waltari eta Harizmendi dira gehienen ustez.