EPPKren bitartekariak Foroan izango dira, ekarpenak egin eta jasotzeko
Estatuek ezezkoaz edota isiltasunaz erantzun diete EPPKren mintzaideek bihar abiatzen den bake prozesuaren aldeko Foro Sozialean parte hartzeko egindako eskariari. Han izango dira, ostera, bitartekariak, kolektiboaren hausnarketa helarazteko eta eztabaidatutakoa jasotzeko.
GARA | BILBO
Ikusmin handia piztu du bihar Iruñean eta ostiralean Bilbon estreinakoz egingo den bake prozesuari bultzada emateko Foro Sozialak. Egoera desblokeatzea helburu duen neurrian, presoen auziak berebiziko garrantzia hartzen du (ostiraleko jardunean garatuko da bereziki), eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, GARAk eta ``Berria''-k igandean argitaratu zuten elkarrizketan aurreratu zutenez, inplikazio zuzena izango du ekimenean. Atzo iragarri zutenez, EPPKren Bitartekari Taldea delakoak parte hartuko du, «bertan jasotako hausnarketak EPPKri helarazi eta berea mahaigaineratzeko asmoz».
Ezaguna denez, duela hamar egun iragarri zuen EPPK-k foro honetan egoteko prestutasun osoa zuela. Horretarako, Kolektiboaren sei mintzaideek Bilbon eta Iruñean egoteko eskaera ofiziala egin zieten Madrilgo zein Parisko espetxe arloko agintariei. Atzo Bitartekari Taldeak ezagutarazi zuenez, «bai espainiar bai frantziar gobernuen eskutik erantzunik eza edo ukoa jaso dute».
Nolanahi ere, «estatuek, nahita, boikota eta blokeoa mantentzen dutela ikusirik, jarrera arduragabe hau salatzeaz gain, Bitartekari Taldeak foro honetan parte hartuko du», iragarri zuen atzo.
Eragile ugari bilduko ditu ekimen honek (LABek, esaterako, prentsa-oharra kaleratu zuen atzo). Hala ere, mahai-inguruetako protagonistak nazioartetik etorritako adituak izango dira. Irlandako eta Hegoafrikako bake prozesuetan eragile nagusiak izan ziren batzuk etorriko dira Iruñera eta Bilbora.
Azken jardun honetarako ez dago tokirik (Campos Eliseos antzokia beteko da). Biharko saioa, lehenengoa, Iruñeko Baluarten burutuko da.
Bihar eta etzi nazioarteko adituen iritziak bilduko dituzte mahai-inguruetan. Ondorioak hurrengo egunetan bildu eta jakinaraziko dituzte. Prozesua desblokeatzeko ekarpen zehatzak egitea du helburu.