GARA > Idatzia > Kultura

Gure letretako migrazioak eta joan-etorriak, Durangoko Zilar Astean

Anartz BILBAO | DURANGO

Literatura Eskolaren saio batek ireki zuen atzo migrazioak gaitzat dituen aurtengo Durangoko Zilar Astea, herriko liburutegian.

Gotzon Barandiaran larrabetzuar idazlea izan zuen akuilari bitan banatutako saioak. Hamaiketakoa egin artean, migratzera behartutako euskaldunen lekukotzak izan ziren berbagai, gehienetan lehenengo pertsonan, hau da, protagonisten lumek emandako lekukotzak. Eskolakide bakoitzak testu bat irakurri eta ahoz gora egindako laburpenen bidez, migratzeko arrazoiak, jaso gaituzten herrietan gutaz izan duten irudia eta beste mahai gainean jarri eta horri buruzko hausnarketa egin zuten.

Aztergai, makina bat moldeko testuak, izan olerki, gutun zein kronika, Ameriketara artzain joandako Otañorengandik hasi eta politika kontuek erbestera bultzatutako Ibiñagabeitiaraino; XX. mendeko lehen erditik atzerako testuak gehienak, Garazi Goiak argitaratu berri duen «Txartel bat deserrira» kenduta. Eta kasik guztietan, baita moldez ezberdin agertzen den Batxi bidaiariarengan ere, herrimina eta itzulerako gogoa agertzen da. Gutxitan agertzen da hemen mundua geureganatzeko ahalegina, Bingen Amezaga getxoztarrarena ez bada -askok Euskal Herrian baleude bezala idazten ei dute, atzerrian «Eusko Gogoa» aldizkaria sortu zutenek kasu-.

Gero, eguerdia bitartean, Euskal Herriak hartu dituen etorkinei buruz idatzi duguna izan zen aztergai, makina bat liburu eta olerki berbagai hartuta. Aretoko mahai gainean ziren liburu hauetako makina bat ale: Jon Maiaren «Riomundo» -Jon Benitoren «Pueblo» olerkiarekin batera atal honetan aztertutako lanen artean familiaren ikuspuntu zuzena zekarten bakarrak-; Iñaki Frieraren «Lehorreko paterak», Pablo Sastreren «Leuropa», Jon Arretxeren «19 Kamera», kazetaritzatik abiatuta gurera etorri diren hamar etorkin aurkezten dizkigun Ainara Gorostizuren «Aldamenekoa»...

... eta kalejira

Eskolakideak, hogeiren bat, andreak bi heren. Bateren bat idazle, guztiak literaturzale. Ez zen erraza izan euskarak migrazioari buruz eman dituen literatur lanen arteko elementu komunak aurkitzen, baina bigarren atal honetan batez ere, eztabaida eta parte hartze bizia izan zen bertaratutakoen artean. Azterketa sakon bat egin nahiko lukeenak badu non eta zer aztertu.

Eskola bukatu zenerako berrogei lagunetik gora ziren Zilar Astearen harira antolaturiko Kantulagun kalejiran, gitarra eta ardoa lagun; Literatura Eskolan behin baino gehiagotan aipatutako Iparragirreren «Agur Euskal Herria», Elizanbururen «Xori Berriketaria», Otañoren «Donostiako ziudadea» edo oso ezagunak diren «Oi ama Euskal Herria» eta «Agur Zuberoa» kantari. Giro Ederra zen Goienkalen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo