GARA > Idatzia > Mundua

Lanaren bidezko berreziketa zentroen legedia aldatuko dutela esan du Lik

Txinak 1950eko hamarkadan indarrean ipini zuen lanaren bidezko berreziketa esparruen legedia aldatuko duela berretsi zuen Li Keqiangek, lehen ministro txinatarrak. Erreforma urte amaierarako prest egon daitekeela esan zuen, zehaztasun gehiagorik eman gabe.

GARA | PEKIN

Lanaren bidezko berreziketa guneak aldatzeko asmoa berretsi zuen Li Keqiang lehen ministroak kargua zin egin ondorengo lehenengo agerraldian. «Gobernua bide horretan lanean ari da dagoeneko. Egungo araudia aldatzeko lege proiektua urte amaierarako prest egon daitekeela uste dugu», plazaratu zuen kazetari batek eginiko galderari erantzunez.

Lik ez zuen lege proiektu berriaren gaineko zehaztasun gehiagorik eraman. «Oso labur» erantzungo ziola ohartarazi zion kazetariari aldez aurretik.

Ansa Latina albiste agentziak plazaratu zuen Mao Tse-tungek 1957an indarrean ipini zituen kontzentrazio-esparru horiek itxiko dituela Gobernuak. Txinan 300 bat daudela uste da.

1997an, bortxazko lanak egiteko kontzentrazio-esparruak itxi zituen Pekinek, baina oraindik delitu jakin batzuk egiten dituztenak bortxazko lanak egitera behartu ditzakete epaileek.

Bai Txina barruan baita kanpoan ere, lanaren bidezko berreziketa guneak desagerraraztea eskatu dute askok, horietan giza eskubideak urratzen direlakoan. Poliziak erabakitzen du nor bidali, epailearen agindu baten beharrik izan gabe. Pertsona batek lau urte igaro ditzake gune horietan epaitua izan gabe.

Bestalde, Lik ez zuen bizileku baimenaren indargabetzea iragarri, batzuek espero zuten bezala. «Hukou» izenarekin ezagutzen den baimena txinatarrak -1.300 milioi- bitan banatzen ditu, hirietan eta landetan bizitzen direnen artean alegia. Horietatik 720 milioi nekazariak dira. 1958an indarrean ipini zuten, landetatik hirietarako migrazioa saihestu nahian.

Dena den, hiriak gehiago garatzearen alde egin zuen Lik, ez bakarrik Pekin edo Shangai bezalako hirigune handiak, baita hiri ertainak ere.

Adituen arabera, adierazpen horiek bizileku baimenaren gainean nobedaderen bat egon daitekeela islatzen dute.

Li Keqiang ekonomian aditua da. 57 urte ditu eta politikan oso gazte hasi zen, 1976an, Maoren heriotzaren urtean, Alderdi Komunistaren produkzio brigada bateko idazkari gisa. Ingelesez oso ondo moldatzen da eta aldaketa ekonomikoen aldekoa da. Pertsona adeitsua, zuhurra eta ospe handikoa izan arren, zenbait adituren ustez, erreformak egiteko behar adina karisma eta ekimena ez izateko arriskua du. Besteak beste, etxebizitzen gehiegizko prezioak kontrolatzeko edo hirietako kutsadura murrizteko ezintasuna leporatzen diote bere aurkariek.

WikiLeaks-ek 2010ean argitaratu zuen agiri baten arabera, estatistika ekonomikoen fidagarritasuna zalantzan ipini zuen.

txinatik bira

Ameriketako Estatu Batuetako Altxor idazkaria, Jack Lew, gaur Txinan egongo da, bertako agintariekin elkarrizketatzeko. Lehen aldiz bilduko da Xi Jinping presidentearekin eta Li Keqiang lehen ministroarekin kargua zin egin zutenetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo