Kazetariak, telefono kabinatik Twitterrera
Kazetari talde bat gabiltza furgonetan egunero Korrikaren bidaiaren berri ematen, irrati, telebista, Internet edo egunkarian. 18. edizioa da aurtengoa eta gauzak majo aldatu dira kronikalariontzat.
Maider IANTZI
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak lehenengo edizioetan lan egin zuen AEKrentzat eta «Egin»-entzat; Garikoitz Goikoetxea, aldiz, egunotan lasterketako kontuak kontatzen ari den «Berria»-ko langilea da.
1980ko azaroaren 29a zen. Larunbat arrunta, itxuraz. Baina negu gorriko gau hartan, elurretan, Korrika izeneko euskararen aldeko ekimen berria abiatu zen Oñatiko Unibertsitateko ateetatik, eta bederatzi egun geroago Bilbora heldu zen. Halako ekimen berezia, munduan bakarra, jendeari zer zen azaltzen nahiko lan izan zutela oroitzen du Martin Garitano ahaldun nagusiak. Berak bigarren eta bosgarren edizioetan lan egin zuen, aurrena AEKrentzat eta gero «Egin»-entzat, eta anekdota bezala kontatu du Nafarroako Erriberan galduta zebiltzala herritar bati Korrika ikusi al zuen galdetu eta «¿quién es la señora esa?» bota ziela.
Bigarren edizioan, 18 urterekin, sekulako ilusioz joan zen. Literadun autobus batean egiten zuten lo, lan, dutxatu... dena. Bi idazmakina zituzten eta telefono kabina batetik edo taberna bateko telefonotik pikatu eta telex bidez bidaltzen zituzten kronikak. Bosgarren Korrikarako anitz aitzindu zen; nahiz eta ordenagailurik eta mugikorrik ez izan, komunikatzeko sistema hobea zen.
«Esperientzia itzela izan zen, kazetari batentzat gehiago. Euskarak herri bat noraino mugitzen duen ikusten duzu eta Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat hartu. Bakoitzak bere erara adierazten ditu gauzak, atxikimendua ez da bera leku batean eta bestean. Asko zabaldu zitzaizkidan ideiak euskararen inguruan. Harreman onak egin nituen herrietako jendearekin eta hizkuntzaren inguruko ikuspegi ezberdinak ikusi nituen».
Bitxikeriak pilaka ditu ahaldun nagusiak kontatzeko. Beti ogitartekoa bazkaltzen zuten eta Araban zeudela, kronikan jarri zuten bodega bat behar zutela. Berehala jaso zuten bazkaria Errioxako ardoarekin. Erriberan, korrikalari batek neska-lagunaren etxe ondotik igaro nahi zuen lekukoarekin eta hamazazpi kilometro desbideratu zuen lasterketa. Gaueko giroa hagitz misteriotsua izaten zen. Baztanen, gizon bizardun bat antortxarekin atera zen zaldi gainean. «Oso irudi plastikoak ikusten dituzu eta zaila da idatziz jasotzea, Korrika emozioa delako».
Garikoitz Goikoetxea Elduaingo gaztea «Berria»-rentzat lanean dabil 18. Korrikan. 16. edizioan ere aritu zen, 19 urte zituela. Lasterketa Tuteratik abiatu zen eta kazetariak Bilbon elkartu ziren gero hara joateko. Bi kotxetan sartu eta elkar ezagutzen hasi ziren. Hasieran ez zuen negarrik egin kronikalariak, bukaeran, Gasteizen, bai ordea.
Goizeko bederatzietarako furgonetara goititu eta han ibiltzen dira kazetariak: laster pixka bat eginez jendearekin solasean aritu eta salto batean berriro gora, memorian atxikitakoa koadernoan apuntatzeko. Eguerdian kotxeak hartu, lasterketa aurreratu eta nonbait bazkaltzen dute, eta gero berriz batzen dira korrikalariekin. 18.00 aldera euskaltegi edo euskara elkarte batera idaztera erretiratzen dira. Azken edizioetan hori da funtzionamendua.
«Lehengo egunetan ondo, baina azkenekoetan nekatuta nengoen eta kosta egiten zen inspirazioa etortzea. Ahalik eta azkarren bidaltzen nuen orria. Lasterketa utzi aurretik deitzen nuen egunkarira maketa eskatzeko eta maketaren gainean idazten nuen».
Kazetariek ere kilometro batean lekukoa eraman zuten. Amurrion izan zen. Eta hamaika egunez pasatzen ikusi ondotik lekukoa eskuetan hartzea polita izan zen. «Ahazten ez den irudia, flasha, hasiera eta bukaerarekin batera». Teknologia berriei dagokienez, gauza anitz aldatu dira orain dela lau urtetik. «Garai hartan Interneteko edizioa bazen, baina guk ez genuen idazten, telefonoz kontatzen genizkien kontuak Interneteko lankideei. Bideorik ere ez genuen egiten. Duela bi urte pauso bat eman zen: bideoak, mugikorrak, kazetariak zuzeneko kontakizuna egiten zuen sare sozialean... Orain, Twitterrek esperientzia pertsonalak kontatzeko aukera ematen du».
Urteak pasata, bitxikeriaz betetako bidaia izaten segitzen du Korrikak: 16. edizioan, kazetariak bidez nahastu ziren behin eta ez zuten Korrika harrapatzen, bertze egun batean kide bat galdu zen Iparraldeko herri batean, hiru aldiz erori zen Garikoitz furgonetatik... Furgonetatik ezin baita nolanahi jaitsi. Salto egin eta ezin duzu gelditu, bertzela hankak lurrean jarri eta indarrak atzera eramaten zaitu.
«Jende pila ezagutzen duzu, leku guztietakoa, eta geografia ikasteko ere oso baliagarria da. Herriak ez dituzu ezagutzen, pasa egiten zara eta iparraldetik hegoaldera euskararen egoeran ze alde dagoen ikusten duzu. Tolosaldean jendetza ikusten duzu; Nafarroa hegoaldean, aldiz, gutxi baina sekulako ahalegina eginez». Hain nekatuta bukatu zuen Garikoitz Goikoetxeak, ez zela itzuliko erran zuela, baina hemen da berriro AEK-ko lagunekin.