GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Xuban Nafarrateren auziak argitzeke segitzen du

Nafarrate kasua» delakoa ez da amaitu. Gasteizko epaitegi batek sendiaren salaketa artxibatu bazuen ere, ez dago inondik inora argituta. Hala uste du Arartekoak ere, eta Ertzaintzan ikerketa «sakon, zorrotz eta alderdikeriarik gabekoa» eskatu zuen, berriro ere, atzo Gasteizko Parlamentuan. Epaileen ebazpenaren gaineko iritzirik eman gabe, legez ezin baitu halakorik egin, Iñigo Lamarcak gogorarazi zuen Xuban Nafarrate iazko martxoko greba orokorrean izandako istiluetan zauritu zutenean, ofiziozko jarduera hasi zuela, baina Gasteizko Gobernuak ez ziola helarazi eskatutako informazio guztia.

Epaitegiaren ebazpen hura gorabehera, «Nafarrate auzia» delakoa ez dago argituta eta ezin da amaitutzat jo egia osoa jakin arte. Egia azalaraztea erraztu behar dutenek, ordea, hartarako jarduerak oztopatu baino ez dituzte egin. Horregatik, Gasteizko Gobernuak bestelako jarrera agertu behar du lehenbailehen, zorrotz eta aitzakiarik gabe Arartekoak eta herritarrek eskatzen duten ikerketari helduz, areago «Nafarrate kasua» argiak baino ilun gehiago dituen kasu bakarra ez delako. Iñigo Cabacasen kasu are dramatikoagoa gogorarazi besterik ez dago. Guztiz bidezko eta zentzuzkoa da, beraz, Arartekoaren eskaera, behingoz Xuban Nafarrateri, haren sendiari eta euskal gizarteari zor dieten benetako ikerketa egitekoa, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo