Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Manifestua
Ahozko Narrazioak egiteko duen ospakizunik handiena bere garaikidetasunaren aldarria da. Narrazioen sortze eta transmititzea gizakiak bere izatearen kontzientzia hartzen duenetik egin duen jardun intelektual, eta beraz, kulturala, bada ere, egungo garaietan bere izaera artistikoa du ardatz. Beste hainbat sormen adierazpen gisa -literatura, margogintza, antzerkia, dantza...- berezko espazioa aldarrikatu behar du arte garaikidea den aldetik.
Tradizioa ez da estutzen duen gerrikoa, garapenerako ikasbidea baizik. Kontalaritza garaikidea hitz esanaren artea izanik ere, bestelako baliabide artistikoak izango ditu bere eskura, ikuskari eszenikoa eskainiz, kontatzearen idealizazio erromantikotik aldenduta, egungo jendarteari jardun artistiko garaikide gisa aurkeztuz.
Kontalari garaikidea sortzailea da. Bere funtzioa ez da, besterik gabe, kultur tradizio baten jarraitzailea, edo altxor baten zaindaria izatea. Kontalari garaikideak ipuin kontaketa jardun artistiko gisa ulertzen du, zeinetan, kontakizunaren bitartez, bere gogoeta, etiko zein estetikoa, eskaintzen dion publikoari. Eskaintza hori sormen lana da, sormen artistikoa; eta bere horretan hartuko du garrantzia, ez bestelako helburuen lortzeko bide bezala. Ipuin kontaketa garaikideak bere lekua aldarrikatu behar du arte eszenikoen barruan, horrela bakarrik ager baitaiteke bere garrantziarekin, garapenerako urratsak egitea ahalbidetuz.
Martxoaren 20an ospatzen den Nazioarteko Ahozko Narrazioaren egunean, kontalaritzak aurtengo lemari jarraituz, Fortuna eta Patua, bere izatearen gaineko gogoeta aukera bikaina dauka.