GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García, Ramón Balenziaga Etikarte

Elkarrizketa parte-hartzailearen egia eta gezurra

Alderdien etengabeko gatazka eta liskarretan bizi bagara, aldaketa erradikalak proposatu baizik ez badugu egiten, parte-hartzea lehia iraunkor, nekagarri eta eraginkortasunik gabea bilakatuko zaigu

Azken hilotan, dei ugari egin zaizkie herritarrei zeregin publikoetan parte har dezaten: mota guztietako herri batzarrak egiten dira udal aurrekontuak onartzeko, festak prestatzeko, probintziako edo udalerriko azpiegituren aurkako taldeak antolatzeko, etxe-gabetzeen kontrako elkarteak edota manifestazioak egiteko, ustelkeria politikoaren aurka joateko, etab. Zoritxarrez, ekitaldi horietako batzuk jakinaren gainean desitxuratzen dira. Horren lekuko gara.

Bizitza publikoan parte hartzea, dudarik gabe, herritar izateko modu aberats eta beteenetako bat da. Diotenez, gure garaiko demokrazia berriaren ikur izan nahi luke.

Zerbitzu publikoen hobekuntzan parte hartzea, erkidegoaren onerako, pertsona eta talde gisa betetzen gaituen zerbait da. Balio zibiko gorenetakoa dela esan daiteke eta oso lagungarria da herri batean bizi garen guztion arteko gizarte-kohesioa hobetzeko.

1960ko hamarraldian inportanteak sentitzen ginen guztiok. Historiako orri berriak idazten ari ginela iruditzen zitzaigun. Gertakarien noranzkoa aldatzeko eta gauza handiak egiteko kapaz ikusten genituen geure buruak. 68ko esaldi ospetsu hark, «izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa», oso zabaldua urte haietan, gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzera gonbidatzen zuen. Gerora etorriko ziren «demokrazia debaluatua» eta «herritarren desafekzioa» bezalako kontzeptuak. Erakunde publikoen zilegitasuna zalantzan jartzeraino, zenbait kasutan. Guztiarekin ere, ez dago aipatu gabe uzterik asoziazionismoak, boluntariotzak eta parte hartzeko beste modu batzuek izan duten gorakada ukaezina.

Baina herritarren parte-hartzearen egiak bere benetako esanahia azaltzea eta argitzea eskatzen du. Gauza bat da herri osoak parte hartzea, eta beste bat herri horren zati batek parte hartzea. Esaten digute herriaren zati horrek erabaki duena bat datorrela herri osoak nahi duenarekin. Elkarrekin egindako lanaren aldarri egiten da, herri horren zati baten printzipio eztabaidaezine- tatik abiatuta, gainerakoenak bazter utzirik. «Guk bezala pentsatzen dutenekin konponduko ditugu herriko arazoak, guk baitugu egia eta gu baikara herria». «Gure alderdiaren postulatuetatik gara demokratak, ez besteekiko elkargunetik».

Ideia hori bera aplikatzen da «elkarrizketa» hitzaren esanahiaren inguruan. Elkarrizketa, bai, baina gure oinarrietatik abiatuta beti. Elkarrizketa parte-hartzailearen herri dimentsioak, ordea, jarrera zintzoa eta prestua izatea eskatzen du, bai talde politikoen arteko harremanetan, eta bai norberaren taldearen barruan. Izan ere, osagarriak diren arren, beti ez baitira bat etortzen agintzen dagoenaren egia eta obeditzen duenarena, herriaren egia eta gobernuarena, alegia. Jarrera horixe bera eduki behar da talde barruko elkarrizketetan ere, aberasgarria izango bada eta militanteak dotrinatzeko modu soil bat izatea nahi ez badugu. Horregatik, gardentasun politikoa taldeko diziplinaren gainetik dago.

Inkomunikazioan, erdizkako egietan eta deskalifikazio sistematikoan oinarrituta bakea eraikitzen ahalegintzea iruzur hutsa da. Are gehiago, esku artean ditugun arazo sozial eta politikoak konpontzen batere errazak ez direnean.

Planteamendu horiek guztiek eta bidean sor daitezkeen beste hainbatek benetako parte-hartze publikoa posible egingo luketen gutxieneko hastapen etiko komun batzuen bilaketan elkarrekin mintzatzea eta lan egitea baldintzatzen dute. Esandako par- te-hartze publiko hori gauzatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da herritarrak prestatzea, ideiak argituz eta uste okerrak zuzenduz. «Ez dago praktika onik, praktika hori sostengatuko duen marko teoriko on bat ez badago».

Parte-hartze soziopolitikoak, ideal demokratiko gisa ulertuta, joko-arau jakin eta egoki batzuk errespetatzeaz gainera, balio etiko komun batzuei leial izatea eskatzen du. Berdin dio udal aurrekontuak, jarduera-programa global bat edo bakerako eta elkarbizitzarako batzorde bat izan. Gobernatzaileen eta gobernatuen artean konfiantza egotea eskatzen du, haien eskandalu eta ustelkeria kasu gaitzesgarriak gorabehera.

Pasibotasun bidegabe batekin nahastu gabe, elkarrizketa parte-hartzaileak nolabaiteko lasaitasun soziala behar du. Alderdien eta gizarte-taldeen arteko etengabeko gatazka eta liskarretan bizi bagara, aldaketa erradikalak proposatu baizik ez badugu egiten, parte-hartzea lehia iraunkor, nekagarri eta eraginkortasunik gabea bilakatuko zaigu.

Ez da nahikoa jendeari dei egitea batzar, foro, inkesta eta eztabaidetan parte har dezaten. Halakoak, askotan, urrunetik zuzen- duak egoten baitira, eta ez dute balio izaten deia egin dutenen ideologia berresteko baizik, edota aurkezten diren arazoei buruzko egia desitxuratzeko. Horregatik, beharrezkoak dira benetako elkarrizketa eta ideien konfrontazioa, ideia politiko eder baten manipulazio makurra gerta ez dadin: herriaren parte-hartze eraginkorra, benetan eragiten dioten arazoen konponketan.

Hitz gutxitan esanda, elkarrizketa parte-hartzaile egiazkoa eta askea bermatzea da kontua, guztion ona errealitate egitera bideratu eta eraman gaitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo