GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Pobreak sortzeko eliza

 

Ikusmin handia sortu du zure izendapenak eta titular aunitz irabazi dituzu azken egunotan. Zure iraganeko hainbat gertakizunez gain, argentinarra izateak eta txirotasunarekiko zure jarrera irmoak eragin ditu titular horietako asko.

Zure moduan, Latinoamerikakoa den pertsona baten historia kontatuko dizut. Panamakoa da, eta zuk bezala, urteak eman ditu pertsona baztertuekin, zigortuekin eta pobreekin.

Nerabe zenetik, jipoitua eta erasoa izan da eta pobre izatera kondenatu zuten. Horregatik, bere herria utzi eta Andaluziara jo zuen babes politikoa eskatuz. Ukatu egin diote, eta bere bizitza arriskuan dagoen Panamara deportatu dute. Yasira du izena eta transexuala da. Horixe da hain zuzen baztertua, zigortua eta pobre izatera kondenatu duena.

Eliza katolikoak pobreen ondoan egon behar duela zabaldu duzu lau haizetara, baina paradoxikoki, zure elizaren diskurtsoan babesten ziren Yasirari bizitza jasanezina egiten ziotenak eta zu ordezko zaren doktrinaren jarraitzaile den ustezko estatu akonfesionalak itzuli du Yasira pobre izatera eta babesik gabe bizitzera kondenatzen duen lekura.

Ez dakit ongi zein izan zen Argentinako diktaduran zuk izandako papera eta ez dakit zein punturaino izan zaren zure herriko haur lapurtuen kasuen konplize.

Emakume, homosexual eta transexualekiko esan dituzunak, ordea, ezin dituzu ukatu eta zure mezuek egiten zaituzte Yasiraren egoeraren konplize. Bukatzeko, horrenbeste goraipatzen duzun Asisko Frantziskoren esaldia gogoraraziko dizut, «Izaki zorigaiztoko orok du babestua izateko eskubidea».