Zorra nola sortu den eta erantzukizuna argitzeko eskatu diote Bakioko Udalari
GARA | BAKIO
Bakioko Bilduk «era positiboan» baloratu du epaile batek Txomin Renteria alkate ohiaren ondarea ikertzeko hartu duen erabakia. Izan ere, espero dute ikerketa hori «herriko egoera latzaren inguruko erantzukizunak argitzeko baliagarria» izango dela. «Ezinbestekoa da azken urteetan hartu diren hainbat erabaki argitzea eta neurriak hartzea garatu diren politika arduragabeak berriro ez errepikatzeko», esan du koalizioak.
Bilduren esanetan, «gauza jakina da azken urteetan EAJ-k hartutako erabakiek egungo zulo beltzera ekarri gaituztela». Salatu duenez, «adreiluaren burbuila faltsuaren alde apustu» egin zuten, baita kontratazioak ugaritu, eta horrek gastua nabarmen handitu zuen. Horregatik, EAJri «180 graduko bira eman» dezala eskatu diote, eta proiektu errealak garatu ditzala.