GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ Idazlea

Abusatuak

Autonomoa naizenez, zerga-biltzailea naiz: BEZak kobratzen ditut eta Ogasunari ematen dizkiot. Bezeroak ordaindu ez badit, neuk aurreratzen diot Administrazioari dirua. Ogasunaren morroi, administrazioaren banku eta buru bakarreko enpresa izatea konplikatua da: azken etxe aldaketa Iruñeko Erroldari komunikatu diot, hiritarraren txartela kudeatzen duen enpresari eta udal-zergak kobratzen dituen bulegoari; Bilboko Udalari eta Iruñeko udaltzainei (egoiliar txartela egiteko); gizarte segurantzari, trafiko arduradunei, polizia nazionalari. Nafarroako Ogasunari eta Bizkaikoari. Bizkaian bi leihatila bisitatu nituen: baja batean, bestean helbide berria jakinaraztea. Bigarrenera joan behar nintzela kasualitatez jakin nuen, ez funtzionarioak esanda.

Eskerrak! Handik gutxira Ogasunaren eskutitza: dirua zor diedala. %5ean arrazoi dute: akatsa neuk. %95ean neuk arrazoia: diru hori Nafarroan ordainduta dago. Helegitea jarri behar izan dut. Birritan. Lehen aldian euskara ulertzen ez zuen funtzionarioak gaizki irakurri zuen Ogasunak berak euskaraz idatzitakoa eta okerreko informazioa eman zidan. Ondorioz, ordaindu behar dudana interesekin ordaindu beharko dut. Hala ere, zorioneko! Baja ematerakoan bigarren ilara egin izan ez banu, helegitea jartzeko eskubidea galduko nuen, Ogasunak diru guztia kobratuko zukeen eta kontu korrontea enbargatu, dirurik ez egotekotan. Beharra beti aurretik. Eskubidea, leihatila egokian. Eta norbere zergak ulertzea, ezta unibertsitate ikasketekin ere.

Bikote-harremanetan. Familiaren esparruan. Lan merkatuan. Denetan ageri da abusuaren kultura. Nola ez, Administrazioa bera abusatzaile nagusia bada.