ESPETXE POLITIKA AUZITAN, EUROPAN
«XXI. mendeko Europan tokirik ez duen» jarrera salatu dute kalean
GARA | DONOSTIA
Euskal Herrian espetxe politika honen aurka dauden milaka herritarrak ez ziren atzo Estrasburgori begira gelditu. Herriz herri mobilizazio ugari burutu zen, Herrira mugimenduaren bultzadaz eta toki bakoitzean ezaugarri propioarekin (elkarretaratzeak izan ziren gehienak, baina hainbat tokitan hitzaldiak, manifestaldiak, ibilaldiak... ere egin zituzten). Eta hau guztia, mezu garbi bat helarazteko, goizean Baionan Estatu espainolak duen Kontsulatuaren aurrean Fran Baldak eta Garbiñe Erasok laburbildu zutena: «Bakeari ateak irekitzeko garaia da».
Toki esanguratsu honetan, hauxe nabarmendu zuen Herrirak: «197/2006 doktrinak, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzeak edo dispertsioak ez dute inolako lekurik ezta justifikaziorik ere XXI. mendeko Euskal Herrian eta Europan».
«Argi dugu euskal jendartearen gehiengoak giza eskubide guztien errespetua, konponbidea eta bakea desiratzen dituela eta bide horretan nazioarteko komunitatea lagun izan nahi duela», ekarri zuten gogora Herrirako bi ordezkariek.
Aldarrikapen hau anitza dela agerian geratu zen Baionako ekimen honetan. Izan ere, alderdi eta mugimendu ezberdinetako kideak agertu ziren: Alice Leicaguezahar, Yvette Debarbieux, Iker Elizalde eta Marie-Angel Thebaud kontseilariak, Jean François Lefort eta Xabi Larralde Sortukoak, Laurence Hardouin eta Anaiz Funosas Bake Bideako kideak, Sylvie Laplace NPAkoa...
Goizetik hasi ziren protesta ekimenak. Arrasateko Fagor lantegian, esaterako, bertako bazkide eta lankide den Luis Mari Azkargorta Kanto behingoz aske utz dezatela eskatu zuten. Arratsaldean mobilizazio andana izan zen. Donostia- koan, Juan Karlos Izagirre alkatea zegoen bildutako 600 lagunen artean. Eta Legazpin (450), eskualdeko zenbait herritako alkatek bat egin zuten.
Santurtzin 82 auzokide bildu ziren, eta gero Rikardo Prieto preso ohiak eta Iñaki Goioaga abokatuak hitzaldia eman zuten. 65 lagun elkartu zen Trintxerpen, 50 Pasai Antxon, 30 San Pedron, 30 Garesen, 163 Oñatin, 153 Azpeitian, 47 Lesakan, 60 Mutrikun, 75 Laudion, 30 Uharten, 35 Irurtzunen, 11 Sondikan, 45 Lizarran, 15 Urdulizen, 38 Bakion, 50 Zaldibian, 65 goizean eta 40 arratsaldean Amurrion... Nabarmentzekoa da Lekunberrin egun osoko protesta egin zutela, 10.00etatik hasi eta 19.00ak arte, ehun lagun inguruk parte hartu zutelarik.
Hiriburuak eta herriak
Iruñean, Udaletxe Plaza 500 lagunek hartu zuten. Aurretik, Barañaindik abiatu zen talde bat eta auzoz auzo ibili ostean erdigunera eraman zuen protesta. Bilbon burrunba egitea erabaki zuten 1.500 pertsona inguruk. Eta 800 izan ziren Gasteizen bildutakoak.
Azpeitian, eguerdian 100 ikasle inguruk egin zuten doktrinaren aurkako bilkura. Irudimentsua izan zen Otxandioko ekimena: hamar minutuz argiak itzali zituzten eta ondoren giza-katea egin zuten 115 auzokidek. Beste toki batzuk aipatzeagatik, elkarretaratzeak izan ziren Deban (55 parte hartzaile), Altsasun (70), Algortan (110), Agurainen (62), Sopelan (50), Gatikan (12), Usansolon (29), Plentzian (43), Zamudion (25), Larrabetzun (63), Derion (20), Arrigorriaga (50), Irunen (45), Balmasedan (25), Diman (30), Muxikan (150), Gernikan (100), Ordizian (55), Lazkaon (40), Legorretan (38), Arrasaten (200), Hernanin (300), Oiartzunen (250), Arbizun (103), Elizondon (45), Tuteran (21), Leitzan (50), Tafallan (50), Errenterian (150), Astigarragan (50), Elgoibarren (40), Tolosan (275), Bergaran (250), Legution (30), Ondarroan (200)...
«Minutu bat gehiagorik ez» bilakatu zen lelo errepikatuena. Hurrengo egunetan ere elkarretaratzeak, hitzaldiak eta abar deitu dituzte, aldarrikapenari segida emateko asmoz.