Goiatz Labandibarrek Igartza Sariari esker kaleratu du bere lehen lana, Interrailen oinarrituta
Idazleak berak egin zuen bidaia batetik sortu zitzaion ideia. Horri esker ezagututako 12 hiriak dira ipuin bakoitzeko kontakizunen agertoki. Hala ere, garrantzitsuena ez da bidaia, pertsonaien izaerak baizik.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Igartza Sariaren 2011ko irabazleak, Goiatz Labandibar oiartzuarrak, «Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak» ipuin sorta kaleratu du Elkar argitaletxearekin. Hamabi kontakizun aurkezten dizkigu, Europako hamabi hiritan gertatzen direnak, eta guztiek komunean duten elementua geltokia da. «Pertsonaia geltoki bateko langilea delako, geltokitik gertu bizi delako, bidaia batera doalako eta beste batetik iristen delako... geltokiaren presentzia garrantzitsua da ipuin guztietan», aipatu zuen egileak atzo aurkezpenean.
Kontatzen diren istorioak idazleak berak duela urte batzuk egin zuen Interraileko bidaia batean daude oinarrituta. «Hendaiatik atera ginen eta Europako beste 11 hiritan izan ginen», azaldu zuen. Proiektua aurkeztu zuenean «Interrail» izena zeraman, baina amaitzean konturatu zen horrek ez zuela zentzurik.
Gaiak anitzak dira eta bidaiak baino pertsonen istorio propioak kontatzen dira estilo desberdinak erabiliz (hirugarren pertsonan, bigarrenean, gutunen bidez, elkarrizketekin). Finean, bidaiatzen den bitartean irakurtzeko kontakizun laburrak dira.
Idazle ofizioa sustatzen
Antxiñe Mendizabalek, Elkarreko gazteentzako liburuen editoreak, gogorarazi zuenez, Labandibarrek Beasaingo Udalari zein CAF enpresari esker urtero antolatzen den Igartza Sariaren 14. edizioa irabazi zuen. 2012ko irabazlea, Danele Sarriugarte ere «jo eta fuego ari da lanean `Mamuak' proiektua amaitzeko», sariaren 16. ediziorako lanak jasotzeko epea ekainera arte zabalik egongo den bitartean.
Lehiaketa hau libururik argitaratu ez duten edo bakarra sortu duten idazle gazteei dago zuzenduta. «Orain arte beka jaso duten askok idazle ofizioa serio hartu dute, eta egungo literaturan erreferenteak diren liburuak idatzi dituzte», aipatu zuen Mendizabalek.
Honen harira, Labandibarrek azaldu zuen liburu hau egiteak idazteko gogoa piztu diola, baina bere sorkuntza prozesua denboraldika doala. Horregatik, uste du idazten jarraituko duela, baina ideia finkorik gabe.