GARA > Idatzia > Kultura

Haurrek gurasoei kontatzeko liburua egin dute elkarrekin Alberdik eta Akerretak

p057_f02.jpg

N.B. | DONOSTIA

Hilabete batean amaitu zuten «Txikitzen zarenean» liburua Uxue Alberdi idazleak eta Aitziber Akerreta ilustratzaileak. Atzotik, euskaraz, galegoz eta gaztelaniaz aurki dezakegu dendetan (Pamiela eta Kalandraka argitaletxeak).

Ipuinak «handia naizenean...» topikoari buelta ematen dio eta «helduak txikitzearen ideia» planteatzen du. Honela, gurasoek irakurri beharreko liburu bat izan beharrean, haurrak dira kontalariak. Era berean gogoeta bat planteatzen du. «Helduen eta haurren munduen artean oso zubi urriak daude eta horrek ez digu mesederik egiten», aipatu zuen Alberdik.

Ideia Jon Maiak bertsolariak kontatu zion gertaera batetik dator. «Egun batean bere alabak mahai azpian `etxe bat' egin zuen eta aitari berarekin sartzeko esan zion. Honek ez zela sartzen erantzutean, honela bota zion umeak: `txikitzen zarenean sartuko zara'. Hori muga fisiko bat da, baina muga psikologiko asko daude, gauzak ez ditugu egiten haurren kontuak direla uste dugulako».

Hala eta guztiz ere, ipuina Akerretari esker jarri zen martxan. «Ipuinak ilustratzeko tailer batean parte hartu eta gero Etxepare lehiaketa batean parte hartu nahi nuen. Uxueri galdetu nion ea ipuinik zuen eta hilabete batean amaitu genuen, zoramena izan zen!», kontatu zuen ilustratzaileak.

Ipuin original honekin batera Leo Lionniren bi itzulpen aurkeztu zituzten. Handitzean artista izan nahi duen sagutxo baten istorioa kontatzen duen «Matiasen ametsa» eta egilearen lehenengo ipuina, «Urdin txiki eta Hori txiki», biak ala biak Manu Lopez Gasenik euskaratuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo