Esti Mujika Independentistak sareko ordezkaria
«Orain hobeto sumatzen da estatu ez izatearen prezioa»
Aurtengo gainbehera ekonomikoa ikusita, independentista berri asko sortzen ari dela nabari al da?
Orokorrean euskal jendartean gorantz doan joera da independentista eta hori sarean ere sumatzen da zorionez. Arrazoiak, egia esan, asko dira eta krisialdi sozioekonomikoak garrantzi handia hartu du, gero eta jende gehiagok sumatzen baitu menpekotasunaren prezioa ordainezina dela, eta hobeto bizi gintezkeela estatu independente batean geure burua gobernatuz gero. Dena den, krisialdia aipatzen denean, ustelkeria, itxikeria edo eraso kultural eta mediatikoak ere aintzat hartzen ditugu.
Batzuen ustez, argudio ekonomiko hau koiunturala da eta independentziaren aldarrikapena nolabait nahastu egiten du...
Egoera honetan mahai gainean jartzen den argudio garrantzitsu bati ezin diogu bizkarrik eman eta inondik inora ezin ditugu norberaren arrazoiak mailakatu. Gainera, argudio hori ez da koiunturala, menpekotasunaren prezioa ez delako behin-behinekoa, iraunkorra baizik. Orain inoiz baino hobeto sumatzen da estatu ez izateak duen prezioa.
Eskozian, Katalunian edota Quebecen, ekonomiak ere indar handia hartu du independentzia nahiaren berpiztean. Han aurrera egiten ari dira eta Euskal Herrikoa nolabait geldirik dago, ala ez?
Oso arriskutsua da herrien arteko rankingak egitea. Duela urte batzuk inork ez zukeen ranking horretan Katalunia jarriko eta seguruenik Eskozia ere ez. Euskal Herriarentzat oso interesgarria da prozesu horiek aurrera egitea, eta kontuan izan behar da independentismoaren indartzean ekonomiak hartu duen garrantzia, baina ez da arrazoi bakarra. Guk ez dugu independentziarako bidea beste herriekiko ustezko lasterketaren logikan kokatzen. Kontua ez da beste norbait baino mantsoago edo bizkorrago ote goazen, bertako egoera kontuan izanik egin daitekeena eta egin behar dena baizik. Eskoziak herri kontsultarako data zehaztu du, Katalunian eta Quebecen gertatu ez dena, baina Quebecen egin dituzte jada kontsultak...
Geldirik dago Euskal Herria? Guk ez dugu hori uste, eta ziur gaude: ez da hori frantziar eta espainiar estatuek uste dutena. Azter dezagun zorrotz nola geunden duela 10 edo 20 urte eta nola gauden orain independentziaren aukeraren aurrean. Independentziarako bidaia bizkortzea nahi dugu, noski, menpekotasunean pasatzen den egun oro katastrofikoa delako; besteak beste, horregatik sortu dugu gure sarea, horregatik bilduko gara Iruñean Aberri Egunean. Hor dago erronka.
Sareak dagoeneko hiru urte egin ditu joan den otsailean; emaitzak lortzen ari direla ikusten al duzue?
Kritikoak gara geure buruarekin, egindako lana izugarria izanik ere, askoz ere gehiago egin beharra dagoela pentsatzen dugulako. Emaitzak begi bistakoak dira eta horiek independentista guztien lanaren ondorio dira, gure sarean parte hartu ala ez. Independentziaren inguruko giroa aldatu egin da, guztion artean eremu utopikotik egungo eztabaida politikoan kokatzea lortu dugu eta aldaketa hori areagotu eta bultzatu behar da.
Herri honetan hamaika borroka daude, hamaika erronka, eta denak dira garrantzitsuak, ez gara mailakatzen hasiko, baina independentziaren zerumuga gero eta gehiago marraztu behar da.
Zoritxarrez, orain arte independentisten artean oso urrun kokatu da independentzia, eta horrek ez du mesederik egin... Independentzia kontuan hartzen dugun heinean egingarriagoa bilakatzen dugu, azkenean.