GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Ibarrak txapel batekin eman dio amaiera aurtengo denboraldiari

Jon LEUNDA

Ibarrak aurtengo denboraldiari amaiera paregabea eman dio, larunbatean 600 kiloko txapela jantzi baitzuen maila mistoan. Lau neskak eta lau mutilek osatu behar zuten taldea.

Gipuzkoarrak hiru talderekin joan ziren azkeneko ekinaldira, eta A taldea izan zen nagusi, jokatutako tiraldi guztiak irabazita lortu baitzuen txapela. Bigarren sailkatu zen Murueta-Gaztedi taldea, gipuzkoarrekin galdu, eta gainerakoak mendean hartuta. Hirugarren postuan, berriz, Berriozar sailkatu zen, aurreko biekin galdu, eta gainerako tiraldi guztiak irabazita, podiuma osatuz.

Laugarren Ibarra C geratu zen, aurreko hirurekin galdu, eta beste hiru taldeak mendean hartuta. Bosgarren Sokarri-Bizindar sailkatu zen. Lehen lau sailkatuekin galdu egin zuen, eta gero Ibarra B taldeari tiraldi bat irabazi zion, eta bi tiraldiak Basaburua-Imotzi.

Seigarren postuan Basaburua-Imotz sailkatu zen, Ibarra B taldeari bakarrik irabazita, eta gipuzkoarren hirugarren taldea geratu zen azkena, Sokarri-Bizindarri tiraldi bakar bat irabazita.

Amaitu da aurtengo Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, eta Ibarra izan da aurten protagonista nagusi. Zazpi txapel banatu dira, eta bost lortu dituzte gipuzkoarrek.

Mutiletan 600 eta 560 kilokoan izan dira onenak, eta nesketan, berriz, 540 eta 500 kilokoan nagusi izan dira, baita mistoan ere. Beraz, zazpitik bost txapel, aurtengo talderik onena izan dela argi eta garbi utziz. Ibarra da, gainera, goma gainean aritu den talde gipuzkoar bakarra. Mutilen 680 eta 640 kilokoan, berriz, bigaren sailkatu zen.

Beste bi txapelak Abadiñok jantzi ditu. Bizkaitarrak izan dira azken urte hauetako onenak, baina aurten Ibarraren aurrean men egin behar izan dute. Berdeek 680 eta 640 kiloko txapelak jantzi zituzten. Beraz, garaipen guztiak bi talderen artean banatu dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo