GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zentsura-mozioa Barcinari: jauzi berrien entsegu

Barcinaren aurkako zentsura-mozioak, legebiltzarreko aritmetika gorabehera, Nafarroako eztabaida publikoa parametro egokian kokatu du. Iruzurrean funtsatua, ustelkeriaren pipiak barnetik janda eta deskonposizio zantzu nabariekin ageri den ereduaren eta gizarteak hainbeste gorrotatzen dituen politikari profesionalen aurrean beste aukera bat irudikatzen laguntzen du, alternatiba berri bati erliebea emanez. Estatu aferen kategorian dago egun Barcinaren egonkortasuna, Nafarroaren estatusa betidanik egon den bezala. Izan ere, lotsak eta herritarrekiko errespetu minimoenak agintzen duen beste nonbait ez zatekeen doakoa izango Nafarroako Kutxa zenaren arpilatzea, herrialdearen porrot ekonomikoa, Parlamentuak jada zentsuratu duen gobernu bat edo murrizketekin jendea pobretuz eta gero haren dirua lapurtuz aberastu den lehendakaria. Nafarroan, baina, salbuespena erregela da eta kosta ahala kosta mantendu nahi dute boterea. Testuinguru honetan, asko dira PSNri so dauden begiak, alderdi honen eskutan egon baitaiteke egoerak bere horretan mantentzea edo ez. Zentsura-mozioa beste urrats bat da, Nafarroaren hitza preso hartzen duten inposizioaren kateak hausteko bidean. Jauzi berriak entseatzeko ariketa ederra da, herritarren aurrean biluzita, hauek merezi eta desira duten aldaketa egitasmoa are dimentsionatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo