GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zoriontasunaren eguna

Dagoeneko ospakizuna pasatuta zegoela jakin nuen, baina joan den asteazkenean Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu mailan lehendabizikoz, zoriontasuna balio gisa errekonozitzeko eguna, alegia. Zoriontasuna balio gisa aldarrikatzeko premiak eman zidan niri zer pentsatu, bai eta ondo definitzen ez dakigun hura aldarrikatzearen zailtasunak ere.

Gogoan daukat txikia nintzela pertsona bat marrazten banuen, belarri batetik besterainoko marratxoak jartzen nizkiela ezpain gisa. Irribarre hura zen zoriontasunaren irudia niretzat. Gutxitan, baina inor triste zegoela irudikatu nahi banuen, berriz, malko potoloa marrazten nion masailean bera; haiek ziren zoriontasunaren eta atsekabearen irudiak niretzat orduan. Gerora, nahi baino gehiagotan ikusi eta behartu ditut irribarre triste askoak, kostata eta indarrez egiten diren horiek, eta malkotan egin dut negar poztasunez.

Zoriontasun erabateko eta handian itsutu gabe, egunerokoan zoriontasun unetxoak bilatzen saiatzea eta alboan dauzkagun pertsonei zoriontasun unetxoak eskaintzea da, antza, egun honek aldarrikatu nahi duena, bai eta agintariek bilatu eta sustatu beharreko balio gisa, zoriontasunaren aldeko bideak jorratu ditzaten lortzea ere. Ni ez naiz atrebitzen, ordea, «herri-zoriontasunaren» definizioa zenbaiten esku uzten.

Egun honen karietara, atera dira zoriontasuna bilatzeko bideak marrazten dituzten zerrenda mardulak. Besteak beste, aurrera eta atzera begiratu gabe, inguratzen gaituen horretan begiak jartzea gomendatzen dute. Burura etorri zaizkit, segidan, orainaren belztasunean ito gabe etorkizun hobe baten itxaropenak salbatzen dituzten horiek. Ez naiz ekonomiak erabat pobretu dituen horietaz soilik ari, baina horietaz ere bai noski. Zoriontasunaren dekalogoetan irakurriko zuten, seguru asko, diruak ez duela zoriontasunik ekartzen. Ados, zoriontasuna ezin da soilik dirutan neurtu, baina egunerokoan sortzen diren oinarrizko beharrak asetzeko adina bitartekorik ez duenak zein begirekin begiratu behar dio inguruari? Eta etorkizunari?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo