Afganistango Guantanamoren kontrola eskualdatu du AEBetako Armadak
AEBetako Armadak «Guantanamo afganiarra» izenez ezagutzen den Bagram espetxearen kontrol osoa Afganistango Armadari eman dio, negoziazio luzeak burutu ondoren. Eskualdatze hori bi herrialdeen arteko harremanak bideratzeko ahaleginean lehenengo etapa dira.
GARA | KABUL
AEBek Bagram kartzelaren kontrola Afganistango agintariei eman aurretik, «Afganistango Guantanamo» gisa ezaguna den espetxe horri buruz eztabaida luze eta sutsuak izan dituzte. Izan ere, eskualdatzearen ondoren, preso taliban asko libre geratuko diren beldur da Washington. Afganistanek, bestalde, espetxearen kontrola aldarrikatu du behin eta berriro, subiranotasun nazionalaren urratzea salatuz.
Giza eskubideen aldeko erakundeek sarritan salatu dituzte tratu txarrak eta gehiegikeriak Bagrameko AEBen base militarraren ondoan kokatuta dagoen espetxe horretan. Besteak beste, soldaduek bertan hainbat koran ale erre, eta Afganistan osoan haserrea eta protesta gogorrak eragin zituzten.
«Eskualdatzea burutu da», eta «segurtasunaren ardura indar afganiarrei emateko prozesuan urrats garrantzitsua» dela adierazi zuen Joseph Dunford AEBetako tropen buruak. Espetxea joan den martxoaren 9tik egon behar zen afganiarren eskuetan, baina Hamid Karzai presidentearen adierazpenek atzeratu egin zuten. Presoen artean errugabeak badirela eta horiek askatu egingo dituztela esan zuen.
Joan den irailean, 3.000 atxilotu inguru ¯batez ere ustezko taliban edo Al Qaedako kideak- Afganistango agintariei transferitu zizkieten. Alta, atzerritarrak edo NATOren operazioetan harrapatutakoak oraindik AEBen eskuetan zeuden. Bagrameko arduradun Ghulam Faruq Barakzai jeneral afganiarrak adierazi zuenez, 26 preso askatu zituzten atzo bertan. Dunford jeneralaren ustez, atxilotu batzuk, aske geratuz gero «benetako mehatxuak» izango lirateke.
Kerryren bisita
Bi estatuen arteko harremanak bideratzeko urratsa bada ere, okupatzaileek alde egiten dutenean nolako elkarlana izango den erabakitzeko arazoek bere horretan diraute. Karzairekin desadostasun horiek konpontzeko asmoz John Kerry AEBetako Estatu idazkaria heldu zen atzo Kabulera. Karzaik AEBak kritikatu ditu egunotan, talibanak Afganistanen segitzeko aitzakiatzat hartu dituztela esanda. Atzo, Kerry Afganistango «subiranotasunaren alde» agertu zen; «ez dugu Al Qaedak edo talibanek konpromiso hori oztopatzerik utziko», esan zuen.
Talibanekin negoziazioetan Karzairen Gobernuarekin AEBek bat egiten dutela gaineratu zuen Kerryk.
Karzai presidentea Qatarrera joango da aste honetan, talibanekin bake prozesuaz hitz egiteko. AEBei ezkutuko negoziazioak izatea egotzi die, Afganistango Gobernua kontuan hartu gabe.