GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Binakako Txapelketa

Waltarik eta Harizmendik berriro ere itxura txarra eman eta finalerdietara sailkatzeko lehen aukera galdu dute

Jon LEUNDA

Waltari eta Harizmendi ziren Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusiak, baina orain arte jokatutako bi partidak galdu egin ditutze, eta atzo berriro ere itxura txarra eman zuten.

A multzoko lehen bi sailkatuek finalerdiak zuzenean jokatzeko aukera dute, final-laurdenak jokatu beharrik gabe, baina faboritoek aukera hori alferrik galdu dute, lehen bi norgehiagokak galtzeaz gain, ez baitute tanto askorik egin.

Atzo, 40 eta 25 galdu zuten Etxeberriren eta Etxetoren aurka, 63 minutuan pilotan aritu ostean. Norgehiagokak emozioa lehen zatian izan zuen, berdinketak ere dezente izan baitziren, baina irabazleak, Etxeberri eta Etxeto, alegia, apurka-apurka aldeak ateratzen hasi ziren, eta hortxe joan zen partida.

12-12 berdinduta egon ostean, irabazleek 18-6ko partziala sartu eta markagailuan 30-18koa jarri zuten. Waltarik ez daki markagailua aurka duela jokatzen, ikaragarri kostatzen zaio, eta atzo ere horixe gertatu zen.

Etxeto atzean agintzen hasi zitzaion Harizmendiri; izan ere, erru guztia ez da amerikarrarena, jokatu dituen bi partidetan Thierry Harizmendi ere ez baita batere fin aritu. Atzo, bigarren zatian Etxetoren menpe egon zen, eta aurrean Etxeberrik erraz egin zituen kintzeak.

Saketik hamaika tanto egin zituen Herve Etxeberrik, eta hiru besterik ez Agusti Waltarik. Jokoan 17 tanto egin zituzten irabazleek, eta 13, galtzaileek. Markagailuak hauek erakutsi zituen: 4-0, 4-4, 5-5, 6-6, 11-11, 12-12, 24-15, 30-18, 34-21 eta 40-25.

Aurretik, ordea, B multzoko partida jokatu zuten, eta horretan ere ezustea izan zen, faboritoek, Agirrek eta Ozafrainek, galdu egin baitzuten Lanberten eta Bonebeltxeren aurka, 36-40. Azken hauek lehen partida galdu egin zuten, eta atzo irabaztea garrantzitsua zen txapelketatik kanpo ez geratzeko. B multzoko lehen biek final-laurdenak jokatzen dituzte, A multzoko azken bi sailkatuekin batera, baina azken bi sailkatuak txapelketatik kanpo geratuko dira.

Agirre eta Ozafrain lehen partida irabazita zetozen, eta aurrera egiteko urratsa egin nahi zuten, baina irabaztetik lau kintzera geratu ziren. Norgehiagokak 99 minutu iraun zituen eta oso aspergarria izan zen. Emoziorik ez zen falta izan, baina joko aldetik ez zen gauza handirik ikusi inoren aldetik.

Bi bikoteak pilota atzean sartzen saiatu ziren, aurkariaren hutsa bilatuz, eta aurrelariek, berriz, ez zuten ia ezertan asmatu. Markagailua beti berdinean joan zen, beti kintze gutxiren aldeak izan ziren, eta guztira hamar berdinketa izan ziren partidan zehar. Alderik handiena Lanbertek eta Bonebeltxek izan zuten 22-17, nahiz eta gero aurkariak berriro ere gainera joan zitzaizkien.

Saketik 7 tanto egin zituen Lanbertek eta hiru, Agirrek. Jokoan, 10 kintze egin zituzten irabazleek, eta galtzaileek, berriz, 12. Galdu, 21 eta 23 galdu zituzten. Markagailuan hauxe ikusi zen: 0-2, 2-2, 5-5, 9-9, 11.11, 13-13, 22-17, 23-23, 28-28, 29-29, 33-33, 34-34, eta 40-36.

Lehen faseko azkeneko jardunaldiko partidak datorren larunbatean eta igandean jokatuko dira Arrangoitzeko Emak Hor eta Garendaingo Urrupean trinketetan. Bakoitzean bi partida jokatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo