GARA > Idatzia > Kultura

Diru sarrerak ia erdira jaitsita, zazpi langile kalera Eusko Ikaskuntzan

Krisi ekonomikoak Eusko Ikaskuntza ere kolpatu du. Iaz 210.000 euroko defizita izan zuen erakundeak, nahiz eta urte oparoagoetan gordetako «koltxoiak» zauria arindu. %51ko jaitsiera akumulatua izan dute diru sarreretan 2011-2013 urteen artean. 2010ean 2.848.828 eurotako diru sarrerak zituzten eta 1.591.370 euro aldiz 2013an. Madrilek, adibidez, %75 jaitsi die laguntza. LABek zazpi langile kaleratu izana salatu zuen atzo, plantilla osoaren heren bat.

p038_f01_199x116.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Eusko Ikaskuntzak 23 langiletatik zazpi kaleratu ditu egoera ekonomikoak bultzatuta. 1918an sortutako erakundeak diru murrizketa nabarmena jasan du azken hiru urtetan eta Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak GARAri adierazi zionaren arabera, kaleratzeak «ezinbestekoak» izan dira. LAB sindikatuak atzo salatu zuenez, ordea, «gizarte jasangarri baten alde lan egiteko xedearekin aurkeztu ohi den erakundeak» ez du lan banaketa edo bestelako aukera «jasangarriagoen» aldeko apusturik egin. Sindikatuaren esanetan, zuzendaritzak hainbat kaleratze bureau fax bidez komunikatu ditu, zuzeneko inongo komunikaziorik gabe. «Kalte ordainak jaso dituzte langile batzuk kaleraketa aurrez komunikatu gabe».

Langileek beste neurri batzuk posible zirela uste dute, proposamen bat ere landu zuten, baina kasurik ez egin izana salatu dute, «zuzendariak bertan jasotako proposamen guztiei ezezkoarekin erantzun ondoren aurkeztu da Batzorde Eragilean», adierazi zuten.

Madriletik gogorrena

Dirusarrerak %11 jaitsi ziren 2011an, %32 2012an eta %18 jaistea espero da 2013an. Guztira, hiru urtetan %51ko jaitsiera akumulatua dute, 2010 urtean 2.848.828 eurotako diru sarrerak zituen eta 1.591.370 euro aldiz 2013 urtean.

Orokorrean, Hego Euskal Herriko lau herrialdetako Diputazioen laguntza 318.00 eurotatik (2010) 295.000 eurotara jeitsi da 2013an, nahiz eta azken datu hau euren prebisio bat den. Laguntza orokorra mantendu egin da Bizkaian, Gipuzkoan igo egin da iaz baino 20.000 euro gehiagorekin eta Arabatik ere 5.000 euro inguru gehiago jaso dituzte. Murrizketa, aldiz, proiektu zehatzetara zuzendutako laguntzetan izan da eta fundazioetan izan du eragina batez ere.

Nafarroako Gobernuak 2012an urtero ematen zuen laguntza nominatiboa kendu egin zuen eta 2013rako ez dago errekuperatuko den itxurarik. Baina murrizketa latzena Madrilgo Hezkuntza ministeriotik iritsi da. 655.540 eurotatik (2010) 162.370 eurotara jaitsi da laguntza hori, hiru urtean %75eko murrizketa, beraz.

Egoera honen aurrean, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorrak diru iturri alternatiboak lantzeko erabakia hartu du. Bi diru-iturri berri zabaltzea adostu du, «biak zailak», Dorronsororen esanetan, izan ere, enpresa pribatuetara eta bazkideengana jotzen hasi dira. 2013. urtean, enpresetatik 100.000 euro lortzea jarri dute helburu. Bazkideen kuotek, berriz, 100.000 euroko diru sarrera suposatzen dute eta aportazio berriak eskatuta, 130.000 eurotara iristea espero dute.

%75EKO JAITSIERA

Madrilgo Gobernuak 655.540 euro eman zizkion Eusko Ikaskuntzari 2010ean. Hiru urtean %75 jaitsi da laguntza hori, 162.370 eurokoa izan da azken laguntza.

Euskonews, astekari izatetik orain hamabostean behin

Diru sarreren murrizketek, langileen kaleratzeaz gain, beste hainbat neurri hartzera behartu du Eusko Ikaskuntza. Horien artean, zientzia eta kulturari buruzko Euskonews aldizkaria, astekari izatetik hamabostean behin argitaratzera pasatu da. 1998an sortutako aldizkariak 7.000 harpidedun inguru ditu gaur egun. Gauzak horrela, Euskonews aldizkaria ekonomikoki laguntzeko kanpaina jarri dute abian, irakurleei euren sostengua eskatuz. Dohaintzak eskatu dituzte, bakoitzak «nahi duen edo ahal duen kopuruan». Josemari Velez de Mendizabalek, Euskonews aldizkariaren edukien zuzendariak GARAri adierazi zionez, «jarraitu ahal izateko behar den bezala eta orain arteko kalitatearekin eta irakurlearenganako goi zerbitzuarekin, iruditu zaigu, beste hainbatek egin duten bezala, jo behar dugula gure irakurleen eskuzabaltasunera». Nahikoa babes lortuz gero, berriro ere astekari izatera itzultzea dute helburu. Urte amaieran, Sara Otaño artistaren margo irudi bat zozketatuko da lagundu duten guztien artean. Informazio gehiago, www.euskonews.com/laguntza helbidean. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo