GARA > Idatzia > Ekonomia

Mobilizazioetara joko dute berriz Corrugados Azpeitiako langileek itxieraren kontra

Enpresa bideragarria delakoan, Gallardo taldea Corrugados Azpeitia ixteko erabakia atzera botatzera behartzeko mobilizazioei ekingo die langile batzordeak. Lan karga egon badagoela baieztatzen dute sindikatuek, eta horregatik, lanpostuak defendatzen jarraituko dute.

GARA | AZPEITIA

Joan den astean Gallardo taldeak Corrugados Azpeitia enpresa ixteko asmoaren berri eman ostean, mobilizazioei berriro ekiteko erabakia hartu du enpresa batzordeak. Lehen unetik, enpresa bideragarria dela aldarrikatu dute langileek, eta itxiera Getafeko lantegiaren alde egindako apustuak ekarri duela ohartarazi dute.

Asteartean bilera izan zuten enpresa batzordeko ordezkariek eta Gallardo taldekoek, Lakuako Gobernuarekin, Gipuzkoako Diputazioarekin eta Azpeitiko Udalarekin batera. Bertan enpresa zabalik mantentzeko eskaera egin zion Lakuak Gallardo taldeari.

Enpresa batzordeak batzarra egin zuen atzo, bileraren nondik norakoak aztertzeko. Ohar baten bidez jakinarazi zuenez, hurrengo egunetan mobilizazioak deituko dituzte, ziur baitaude enpresa bideragarria dela. «Gure etorkizunaren alde jokatuko dugu. Denon artean Gallardok hartutako erabakia atzera bota dezala lortu behar dugu, gure industria eta gure seme-alaben etorkizuna bermatzeko», baieztatu zuen.

Lantegiaren itxierak kalte larria ekarriko lioke eskualdeari, 300 lanpostu zuzen eta zeharkako 100 inguru galduko bailirateke.

Ekoizpena bermatuta

Lantegiaren bideragarritasuna defendatzeko arrazoiak badituztela uste dute langileek. Batetik, Gallardok 300.000 tona bermatzen dituela jakinarazi zuten joan den astean. Bestetik, Gipuzkoako Aldundiak egindako gestioei esker beste 150.000 tona ekoizteko aukera sortu da.

Aldundiak berak jakinarazi zuenez, sei hilabeterako lan karga bermatuko lukeen negoziazioa oso aurreratua zegoen, Hego Amerikako herrialde batek hilabetero egingo lukeen 10.000 tonako eskaerari esker.

hilabete bat

Datozen egunetan lan erregulazio espedientea jasotzea espero dute langileek, eta hortik aurrera hilabeteko epea dute negoziatzeko. Tarte horretan, itxiera ez den beste aukeraren bat aztertzeko eskatu zion Lakuak Gallardori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo