GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte Danbadako esperientzia arrakastatsutzat jo du Ernaik

Lau egunetan zehar Urduñan ospatu den Gazte Danbadaren antolatzaileak oso pozik agertu ziren atzo euskal gazteriak deialdiari emandako erantzunarekin. Ez da gutxiagorako, Ernaik eskainitako datuei so egiten badiegu: 5.000 pertsonak lau eguneko txartela atera dute, eta oro har, 7.000 gazte pasa dira ekitalditik egun hauetan. Nazioarteko ordezkaritzaren papera eta hitzaldi eta tailerretan izandako parte-hartze altua nabarmendu zituzten Ernaiko kideek.

p010_f03.jpg

Mikel PASTOR | URDUÑA

Ernai gazte antolakundeak «arrakastatsutzat» jo zuen lau egunetan Urduñan izan den Gazte Danbada. Antolatzaileak «oso-oso pozik» agertu ziren publikoak emandako erantzunarekin, bai presentziaren aldetik, bai hitzaldi eta tailerretan izandako parte-hartzearekin. Hurrengo egunetan argituko diren datu zehatzen esperoan, Ernaik luzatutako datuek arrakastaren teoria berresten dute: guztira 7.000 pertsona inguru batu dira Urduñan lau egun iraun dituen Danbadan.

Horietatik, 5.000 lagunek erabili dute lau eguneko bonua. Datu horiek bat datoz bertan izandako sentsazioekin; izan ere, egunaren arabera izan daitezkeen gorabeherak gorabehera, oro har Urduña leporaino beteta egon da ordu eta toki ezberdinetan, bizirik egon den fenomenoa balitz bezala.

Ernairen esanetan, bisitarien datu hauek «itzelak» dira. Halere, gazte erakundeak antolatutako egitarauan izandako parte-hartze handiari ematen dio garrantzirik handiena. Ostiralean, ekimenaren lehendabiziko egunean 800 lagunetik gora ibili ziren egunean zehar antolatutako hitzaldi eta tailerretan. Karrikak alaitzeko izandako kale animazioko ekitaldiek ere harrera ona izan dute gazteen artean. Nazioarteko ordezkaritza ezberdinek emandako hitzaldiek ere arrakasta berezia izan dutela nabarmendu zuen Ernaik. 150 lagunetik gora elkartu dira egunero, eta bertaratutako asko aretotik kanpo geratu behar izan dira, hitzaldien gunean denentzako tokirik ez zegoelako.

Elkartasun adierazpena

Nazioarteko arloan sakonduz, guztira 22 ordezkari izan dira euren borroken berri emanez, esperientziak partekatuz eta oro har Gazte Danbadan murgilduz. Gazte antolakundearentzat hori «elkartasun adierazpen izugarria» da, eta gainera, Ernairen jaiotzetik emandakoa, horrek daukan esanahi guztiarekin. Beste nazioetako kideentzat ere oso esperientzia positiboa izan da, batak bestearengandik ikasteko parada ona izan delako, eta noski, beraiek emandako hitzaldi eta tailer ezberdinek publikoaren harrera bikaina izan dutelako.

Bestelako hizlari eta parte-hartzaile gehienak ere «oso sentsazio positiboarekin» irten direla esan zuten antolatzaileek. Ekimen guztiek harrera berdina izan ez badute ere, eginiko saioak «positiboak, interesgarriak, sakonak eta elkarrizketarako bikainak» izan direla baieztatu zuten. Gazteon parte-hartzea oso handia izan da, eta horrek hizlarien lana erraztu du.

Larunbatean Altxa! gunean eginiko ekitaldi nagusiaren balorazio positiboa ere egin du Ernaik. Egun horretan jakin zen Xabier Lopez Peña preso politikoaren heriotzaren berri, eta haren omenez manifestazioa egin zuten Urduñako kaleetan. Martxa Altxa! gunean amaitu zen, eta 8.000-9.000 pertsonarentzako lekua eskaintzen duen karpa ia osorik bete zen.

Zenbat buru, hainbat aburu

GARAk Urduñan elkarrizketatutako gazteen artean iritzi aniztasuna izan da ekimena baloratzeko orduan. Zenbait arlotan (antolakuntza, hitzaldien maila altua, zenbait tailerren interesa) planteamenduarekin bat egin dute gazte gehienek. Beste batzuetan, guneetako musika arloari dagokionez kasu, zenbait kritika puntual entzun dira. Halere, Gazte Danbadaren gainean gazteek egiten duten balorazioa oso positiboa izan da.

Akeita gunean zerbitzatzen zebilen Zaldibarko gazte batek esandakoa, adibidez, horren adibide garbia da: «Oso ondo egon da, asko gustatu zait Danbada, eta egia esanda zenbait kontzertu interesgarriak izan dira, baina atzo gauean Astindu! gunera joan eta `bakalao' musika baino ez zuten jartzen».

Herriko tabernan zeuden bi neska zumaiarrek, ostera, eskaintza musikala, eta oro har, giroa, oso erakargarria egin zaiela ziurtatu dute: «Talde asko daude. Hiru gune dauzkazu aukeratzeko, eta zuri gehien erakartzen zaituen giroa aukeratzen duzu. Denontzako aukera egon da, eta hori primerakoa iruditzen zaigu».

Aurreko urteetako antzeko ekimenetan egon diren zenbait «beterano» aurkitu ditugu. Beraien ustetan, egunez beste urteetan baino jende gutxiago ibili da kalean, «trenbidez konexioa dagoenez, zenbait gazte soilik gauean etortzen direlako, kontzertuetara, eta ez hemen lau egunak oso-osorik pasatzeko».

datu onak

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 7.000 bat gazte ibili dira egun hauetan Urduñan. Horietatik, 5.000 lagunek lau egunetako txartela izan dute, hitzaldi, tailer eta kontzertu guztietarako pasea ematen duena.

nazioartea

Urduñara gerturatutako 22 ordezkaritzekin hartu-emana oparoa izan da, eta Ernaik oso positibotzat jo du nazioarteko ordezkarien bisita. Beraiek ere baieztatu dute esperientzia aberasgarria izan dela.

PARTE HARTZEA

Hitzaldi eta tailerrek harrera bikaina izan dute. Ostiralean 800 lagunetik gora ibili ziren jarduera batean ala bestean. Zenbait ekintzatan 150 pertsona bildu dira, eta batzuetan hitzaldi guneak gainezka egin eta gazteak kanpoan geratu behar izan dira.

AUZOKIDEAK

Ernaik eskerrak eman dizkie Urduñako Udalari eta herritarrei, izan duten pazientziagatik. Nabarmendu dutenez, beso zabalik hartu dituzte, eta Danbada antolatzeko «babes eta erraztasunak baino ez dizkigute jarri».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo