GARA > Idatzia > Kultura

Bernardo Atxaga | Idazlea

«Pertsonen kontzientziak dira liburuen barnean»

Lucien Etxezaharreta idazleak gidatu zuen Bernardo Atxagaren hitzaldia Saran. Euskal Literaturaren ertzak baliatu zituen idazle asteasuarrak bere ideia nagusi batzuk agertzeko. Biziki kontent zen Saran egonik.

p036_f01.jpg

 

Sarako Idazleen Biltzarra aspaldidanik ezagutzen zenuen...
Bai, askotan etorria nintzen, bai bisitari modura eta bai areto honetan emaniko poema errezitaldi batean parte hartzera ere. Hala ere, gaur izan da lehen aldia idazle gisa natorrena.

Literaturak balioa handitzen duela esan duzu.
Nire ideia nagusietako bat da literatura esaten dugun horrek, liburuek, balioa ematen diotela ukitzen duten horri. Hau da, hitzaldian Pedro Mari Otaño bertsolariaren Errekaldeko intxaurraren istorioa baliatu dut ideia horretan sakontzeko, honela, bertso baten bidez zuhaitz bat ukitzen bada, herri tipi bateko baserri atarian dagoena, zuhaitz horrek balioa hartzen du; lehenik eta behin balioa hartzen du aipatua delako, normalean ez baita ezer aipatzen, eta bigarrenik zuhaitz horrek gure izpiritu edo arimaren pusketa bat jasotzen duelako, gure bizipena eransten diogulako. Intxaurrondo horren istorioa ezagutzen dugunok herriminarekin lotzen dugu, Argentinan dago, Euskal Herrira etorri nahi du, ezin du... zuhaitza bihurtzen da bizipen baten kondensatzaile.

Frantsesez ere aritu zara hizketaldian...
Beharraren ipuina ezagutzen duzu? Aita batek umea bidali du lastoa ekartzera asto batekin, eta umeak zalantzak agertzen ditu, ea nola moldatuko ote den bidean lastoa erortzen bazaio, ezingo duela asto gainera kargatu. Aitak esaten dio hori gertatuz gero beharrari deitzeko. Baina uste bezala lastoa erortzen zaio eta beharrari deika oihuka jardun ondotik inor ez dela agertzen ikusten du umeak. Ahal bezala lastoa kargatu eta etxera itzultzean aitari kontatzen dio ez dela inor agertu bera laguntzeko, baina aitak azaltzen dio, justuki, ohartu ez bada ere, beharrak lagundu diola lana betetzen. Bueno ba, niri antzekoa gertatzen zait, beharrak laguntzen dit halakoetan. Frantzian, Suitzan, Kanadan ibilia naiz eta komunikatu behar delarik nahitaez saiatu behar da.

Pertsonen ispilu dira liburuak?
Ingalaterran bada eliza baten erdian kokatua dagoen ispilu bat –tipia da, metro bat luzeran eta beste bat zabaleran, konkaboa da– eta bere berezitasuna da elizaren xehetasun guztiak jasotzen dituela berak, han ikusten direla elizaren atal denak. Bueno ba XIX. mendean joera zen, literatura halako ispilu bat zela, liburu batean agertu zitekeela garaiko gizartearen xehetasun oro, eta gaur egun ispilu horren zati batzuk barnebiltzen ditu, hain baita garrantzitsua irakurtzea eta idaztea, pertsonen kontzientziak dira liburuen barnean, subjektibitatearen historia liburuetan baitago.        J.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo