Txirrindulari bat hil da Basaurin, kamioi batek bidean harrapatuta
Txirrindulari bat hil zen atzo kamioi batek jota, Sidenor enpresak Basaurin duen lantegiaren inguruko errepidean. Elorrioko 55 urteko gizona istripuan bertan hil zen, eta osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin laguntzeko. Sopelan beste istripu bat izan zen.
GARA | BASAURI
Basauri parean izandako istripuan, 55 urteko txirrindularia hil zen atzo. Kamioi batek harrapatu zuen Bi-625 errepidean, bizikletan zihoan Elorrioko auzokidea.
Ezbeharra 11.25 aldera gertatu zen Sidenor enpresa (orain Gerdau izena daramana) inguratzen duen errepidean. Istripua eragin zuten arrazoiak ikertzen ari dira.
Lakuako Segurtasun Saileko iturriek argitu zutenez, istripuaren ondorioz, txirrindularia berehala hil zen, eta bertaratutako osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin laguntzeko. Epaitegiko langileak ere berehala gerturatu ziren ezbeharra gertatu zen tokira, gorpua jaso eta Ertzaintzarekin batera ikerketa abiarazteko.
Bestalde, kamioiaren gidaria, antsietateak jota, Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten, Segurtasun iturri berberek jakinarazitakoaren arabera.
Bi-625 errepidean bi noranzkoetako erreiak itxita egon ziren ordu erdiz, ibilgailuak zirkulatzeko errei bat bideratu zen arte. Hori dela-eta auto-ilarak sortu ziren Basauri eta Arrigorriaga arteko errepidean.
Zauritua, Sopelan
Basauriko ezbeharraz gain, beste txirrindulari batek ere istripu izan zuen atzo errepidean. Sopelan, ordu batzuk lehenago, txirrindulari bat zaurituta ospitaleratu behar izan zuten, errotonda batean auto batekin talka egin eta gero.
Lakuako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi zutenez, istripua zehazki Sopela eta Urduliz batzen dituen Bi-634 errepidean gertatu zen, Garbigunearen inguruan.
Ibilgailuaren hegalak jo zion, eta gerrian hartutako kolpearen ondorioz, txirrindularia Sopelako anbulatoriora eraman behar izan zuten bertaratutako osasun zerbitzuek.
Aurten errepide istripuan hil den lehen txirrindularia izan da. 2012an, aldiz, lau lagun hil ziren horrela, 2011n hiru, bat 2010ean, eta hiru 2009. urtean.