GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Bolada ona benetakoa den erakutsi behar da

Jon LEUNDA

Datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko beste bide bat ere urratu nahi du Biarritzek, baina horretarako, Amlin Challenge Cup irabazi egin beharko du. Gaur Gloucesterren zelaian jokatuko du 21.00etan final-laurdenetako partida, eta aurrera egiteko irabazi egin beharko du, kanporaketa partida bakar batera jokatuko baita.

Biarritz da egungo txapelduna, eta aurten ere asmo berarekin hasiko du lehiaketa hau. Orain arte Heineken Cup jokatzen aritu da, baina bere multzoan ez zuen lortu final-laurdenetarako txartelik, baina bai Amlin jokatzeko, eta iaz bezalaxe, aurten ere bere unerik onenean iritsiko da lehiaketa honetara.

Denboraldi hasiera ona egin ostean, nora ezean ibili da talde zuri-gorria, partida onak txarrekin tartekatuz, baina badirudi zaleek nahi izan duten erregulartasun hori eskuratu duela, nahiz eta jokalari asko min hartuta dituen Agilerako taldeak. Ligako azken bi partida oso onak egin ostean, Top 14ko zazpigarren postua gertu jarri zaio, eta Amlinen ere lan ona egin nahi du, ez baitu datorren urtean Heineken Cupetik kanpo geratu nahi.

Hamabostekoa ere eman dute ezagutzera, eta honako hau izango da: Van Staeden, Hegi, Gomez Kodela, E. Lund, Marie, Molcard, Lakafia, Harinordoki, Yachvili, Barraque, Thomas, Traille, Baby, Ngwenya eta Bosch. August, Synaeghel, Broster, Taele, Burotu, Lesgourgues, Gimenez eta Coet Lannes egongo dira aulkian. Barcella, Balshaw, Genevois, Lauret, M. Lund eta Thion, berriz, lesionatuta daude eta ez dute jokatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo