GARA > Idatzia > Kultura

Oteiza gogoan, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean

Datorren asteartean, hilaren 9an, hamar urte beteko dira Jorge Oteiza eskultore handia hil zitzaigunetik. Urteurren borobil honen harira, oraindik bizirik -artearen munduan bederen- dirauen gizon polemiko, sutsu eta emankorraren omenez hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

p049_f01.jpg

A,E, | DONOSTIA

Altzuzako herri dotorean kokaturiko Oteiza Museoak Jorge Oteizaren heriotzaren (Orio, 1908ko urriak 21 - Donostia, 2003ko apirilak 9) urteurreneko ekitaldiak egun batzuk aurreratu ditu, asteburuko jai-egunekin batera gerta daitezen. Hala, larunbatean, igandean eta asteartean ateak irekiko dizkie bisitariei eta sarrera doakoa izango da. Egun horietan, gainera, bisitariek aukera izango dute ikusteko «Oteiza 1908-2008. Bilduma» izeneko erakusketa, artista handiaren eskultura-lanen eboluzioan barrena ibilbide osoa eginez, baita «Laboratorio de formas. José María de Labra» izenez bataiatu den erakusketa ere.

Bisitariek tailer/etxera sartzeko aukera izango dute, eta artistari buruzko eta bere obrari buruzko hainbat ikus-entzunezko bistaratzeko aukera izateaz gain, Oteizaren alderdi biografikoekin eta sormenezkoekin lotura duten unitate tematiko eta geografiko ugari aurkituko dituzte erakusketan. Eguerdian (13.00etan) Gregorio Diaz Ereñok, museoaren zuzendariak, «Jorge Oteiza, el vacío indómito» izeneko hitzaldia emango du ekitaldi-aretoan, gaztelaniaz, Orioko artistaren biografian eta obran barrena egindako ibilbide kritikoa eskainiz.

Maiatzaren 8tik 12ra bitartean egingo diren beste hainbat jarduera ere ari da prestatzen museoa, eta ekitaldi horietan Oteizaren obra eta irudia oroituko dituzte, museoaren hamargarren urteurrena dela-eta. Gainera, ekainean, «Arkitektura Noizko?, José Manuel Aizpurua & Joaquín Labayen» erakusketa zabalduko da. Urrira arte egongo da ikusgai, eta bertan, 30 urtetan Oteizarekin lotura izan zuten bi autore horiei buruzko erakusketa hau, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai egon ondoren, Altzuzako zentrorako egokituko da. Argitalpenei dagokienez, urte honetan zehar hainbat lan aurkeztuko dituzte.

Eskultorea «gorpuztuko» da Donostiako jardunaldietan

Jorge Oteizak jarraitzaile sutsuak ditu oraindik. Hauetako bat Aldatzen Laguntzen antzerki taldea dugu. 2010ean Orioko artistaren pentsaeran oinarritutako «Oteiza =/= Gizartea» ikuskizuna estreinatu zuten, eta hamasei emanaldiren ondoren, Donostiako Doka kafe antzokian eskaini zuten azken emanaldia. Gaur egun «Izpilua» antzezlanarekin ari dira han-hemenka. Era berean, eta «gerturatu nahi duen orori Oteizaren sentitzeko era eta pentsamenduak» aurkeztu nahi dizkiotelako, Dokan bertan datorren astean ekitaldiz beteriko jardunaldi batzuk antolatu dituzte, «ezin baitugu inoiz ahaztu zer-nolako ekarpena egin zien Oteizak bere garaian euskal kultura, politika, arte garaikidea, irakaskuntza, mitologia, hizkuntza edota jendarteari», Jon Martinez aktorearen hitzetan.

Jardunaldi guztiak Dokan izango dira eta guztiak 19.30etik aurrera. Astelehenean, hilaren 8an, emango diote hasiera Kukai dantza taldea eta Tanttakaren «Oteihitzari biraka» ikuskizunaren DVD emanaldiarekin. Asteartean, hilaren 9an, Jon Intxaustegiren «Fragmentos» dokumentala emango dute, eta asteazkenean, hilaren 10ean, Emilio Varela Frojan arkitektoak -Oteizaren gaineko ezagutza handia duenak- artistari buruzko hitzaldia emango du. Ondoren, Oteizak eta Nestor Basterretxeak Irunen elkarrekin izan zuten etxeari buruzko «Casa Vacia» film laburra nola burutu duen kontatuko du Jesus Mari Palaciosek, lanaren egileak berak. Filma ikusteko aukera ere izango da. Ostegunerako (hilak 11), jardunaldien azken egunean, oso ekitaldi bitxia prestatu dute, «Bertso saioa Oteizarekin» izenburuarekin: Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña norgehiagokan arituko dira, eta gai jartzaileak Jorge Oteiza bera (Ion Martinez aktorea artistaren azalean sartuko da) eta Unai Elizasu izango dira. A.E.

ANTIGUAN

Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak hitzordu berezia dute hilaren 11n Doka kafe antzokian, «Bertso saioa Oteizarekin» saioan Ion Martinez aktorea eskultorearen azalean sartuko baita eta gai jartzaile lanetan lagunduko du.

MUSEOAN

Doako bisita gidatuak izango dira larunbat eta igandean (11.30ean) eta asteartean, hilak 9 (11.00 eta 13.00etan), ate irekien jardunaldietan. Aldez aurretik erreserba egin behar da, telefonoz (948 33 20 74), edo idatziz (recepcion@ museooteiza.org).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo